Gerra ondorengo egunak

Onintza Lete Arrieta 2022ko eka. 18a, 09:00
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

2015etik harreman estua zuten Ane Artetxe zumaiarrak eta Tania Ivanenko eta haren alaba Anna Omelchenko ukrainarrek, azken hori Artetxeren etxera etortzen zelako uda pasatzera. Errusiak Ukraina inbaditu zuenean Artetxek ez zuen zalantzarik egin, eta ez du amore eman ama-alabak herrira ekarri arte. Goizegi da etorkizunaz hitz egiteko, baina itxura du elkarrekin eta elkartasunetik egingo dutela bidea. Maiatzeko Baleike aldizkariko erreportajea webgunean irakur daiteke orain.

Goibel dago eguna, eta halaxe daude Tania Ivanenko (Ukraina, 1985) eta Anna Omelchenko (Ukraina, 2008) ama-alabak ere. Santelmoak gainean dira, apirilak 21 ditu gaur, eta zazpi egun daramatzate Zumaian, Ane Artetxe (Zumaia, 1986) eta haren familiaren etxean. Ivanenkok, baina, gogoa bere herrian dauka, Ukrainan, eta han utzi dituen guraso eta senitartekoengan. "Ondo daudela esaten digute, baina guk beldur eta pena handia sentitzen dugu haiengatik", esan du Omelchenkok. Amaren itzultzaile lanak egiten ari da, euskaraz. 

Otsailaren 24an Errusiak Ukraina inbaditu zuenean Ivankiven ziren, Kiev hiriburutik iparraldera dagoen hirian, autoz 80 kilometrora. Han bizi dira, han dute etxea, lana eta bizitza, lagunak. Baina aurreneko bonbak lehertu orduko alde egin zuten Prybirs'k herrira babes bila, aiton-amonengana. Senitarteko gehiagok ere halaxe egin zuten. Hantxe egon dira herrialdetik irten eta Artetxeren etxera etortzeko modua aurkitu zuten arte.

Gerraren erdian egon direnek bakarrik ez dute sufritu denbora honetan. Artetxerentzat familiakoa da Anna, ia-ia alaba, eta ikaragarri gogorra egin zaio haien berririk izan ez duen denbora tartea. "Asteak egon naiz ezer jakin gabe; ez genekien hilik ala bizirik ziren. Hori jakin genuenean, soilik bizirik zeudela jakin genuenean, lasaitua hartu genuen", gogoratu du. "Annaren gurasoak bananduta daude, baina beti mantendu izan dugu harremana haren aitarekin, eta haren bitartez lortu genuen Anna eta Taniarekin kontaktatzea". Aitak atera zituen ama-alabak herritik, eta berak eraman zituen Poloniako mugaraino ere. 

"Gerra hasi eta aurreneko lau egunak soto batean igaro genituen, ezkutuan. Gero ateratzen hasi ginen, baina tiroak entzuten genituenean berriz bueltatzen ginen azpira, eta pasatakoan igotzen ginen", kontatu du Omelchenkok. "Aurrena bageneukan ura eta argia, baina gero dena kendu zuten, eta deitzerik ere ez geneukan". Elkarri lagunduz egin zuten aurrera. "Familiakoek esan digute aste honetan [orain bi aste] itzuli dela argia, eta deiak ere egin daitezke, baina oraindik urik gabe jarraitzen dute".

Tania Ivanenkok 36 urte ditu. Ivankiven bizi zen alabarekin, eta bertan egiten zuen lan gerra hasi zenean. Urtea amaitu aurretik itzuli nahiko luke bere etxera. Alaba, ordea, hemen gelditzea gustatuko litzaioke.
Tania Ivanenkok 36 urte ditu. Ivankiven bizi zen alabarekin, eta bertan egiten zuen lan gerra hasi zenean. Urtea amaitu aurretik itzuli nahiko luke bere etxera. Alaba, ordea, hemen gelditzea gustatuko litzaioke.
 

Ivanenkok bihotzez eskertu nahi du hemengo familia, "hona etortzeko aukera emateagatik eta etxean hartzeagatik, Ukrainan beldur handiarekin bizi baikinen". Ukrainarrez ari da hizketan, baina Artetxeri begietara begira esan du. Begiak busti zaizkio. 

Omelchenko 6 urterekin etorri zen Zumaiara aurreneko aldiz uda pasatzera, Txernobyldik gertu bizi diren beste hainbat haur bezala. 2015. urtea zen, eta pandemiako bi urteak kenduta, beste uda guztiak igaro ditu hemen, eta azken bi urteetan ere harremana mantendu dute. "Egoera hau ikusita, nola ez genizkien gure etxeko ateak zabalduko?" esan du Artetxek. "Annak 6 urtetxo zituen gurera etorri zenean, eta ni seme zaharrenaz haurdun nengoen. Anna Ukrainara itzuli eta egun batzuetara erditu nintzen. Gure semearentzat arreba bezala da Anna; urtero egon dira elkarrekin".

Santelmoen ondoren, apirilaren 27an hasi da eskolara Anna, DBH1en, Zumaienan, "hara joaten direlako nire hemengo anaiak ere, Xoan eta Aner". Begirada argitu egiten zaio eskolaz eta anaiez hitz egitean.

Urtea amaitu aurretik itzuli nahi luke Ukrainara amak, Ivanenkok. Beraien etxea ondo dago, eta printzipioz lana ere badauka. Baina ez daki zer gertatuko den lanpostuekin. "Orain ari dira horretaz hitz egiten Ukrainan", azaldu du. Horren harira, alabak gaineratu du beren etxea eta aiton-amonena ondo daudela, baina osabarena ezetz, bonba batek atea eta leihoak apurtu zituelako. Hori kontatu, eta hautsi egin da. 

Denak bere saminari begira gelditu dira, isilik, hunkituta. Zer pentsatua ematen du: 13 urte baino ez, eta ezezagun bati ari zaio gerraren gordinaz hizketan. Zeinen latza izan behar duen halakoak hain gazte bizi behar izatea. Zeinen injustua den.

"Mesedez, etorri"

Artetxek azaldu du medioetan gerra hotsez hitz egiten hasi zirenean deitu ziola Ivanenkori bere etxeko ateak zabaltzeko. "Mesedez etortzeko esan nien, hartuko niela libre zegoen aurreneko hegaldia, eta etortzeko". Otsailaren 24an lehertu baldin bazen gerra, astebete lehenago egin zien eskaintza zumaiarrak. Beldur zen. "Baina Ukrainan desinformazio handia zegoen, Putin-ek [Errusiako presidentea] dena kontrolatuta zeukalako, eta Taniak esaten zidan lasai egoteko, ez zela eta ezer gertatuko, beldurra eragitea bakarrik nahi zutela eta ez zela okerrera joango egoera. Beste bizpahiru aldiz esan nion etortzeko, eta ez bazen ezer gertatzen, beti edukiko zuela etxera bueltatzeko aukera. Azkena astearte batean esan nion hori, eta ostegun horretan hasi zen gerra". Hegaldiak bertan behera gelditu ziren berehala, eta mugitzeko aukerarik gabe gelditu ziren. "Ostegunean bertan hitz egin nuen, eta esan zidan aiton-amonen etxera joango zirela eta han kobertura arazoak izaten zituztela normalean". 

Bizpahiru egun geroago gelditu ziren komunikatu ezinik, eta komunikazioa berreskuratu bitartean Omelchenkoren aitarekin hitz egiten zuen Artetxek. "Bananduta daude Annaren gurasoak, eta hiriburuan bizi da aita. Han argia bazuten, eta egunero mezu bidez egoten nintzen harekin, nahiz eta aitak ere ez zeukan alabaren berririk. Baina, nolabait, kontsolatu egiten ninduen harekin hitz egiteak. Txernobylgo elkartekoak ere bagara, eta egunero pasatu digute partea jakinaraziz nola dauden elkarteko umeak bizi diren herriak. Inoiz ez ziren berri onak izaten. Oso gaizki pasatu dugu, oso urduri, eta telebistari eta Interneti pegatuta egon gara. Azkenean, ordea, jarraipen hori egiteari utzi genion, sortzen zigun sufrimendua handiagoa zelako ematen zigun lasaitasuna baino". 

Hamabost egun inguru egon ziren ama-alabez ezer jakin gabe, eta gero, haien lagun bat jarri zen Artetxerekin harremanetan Facebook bidez, esateko inguruko batek esan ziela bizirik zeudela eta ondo zeudela. "Jada ez zen ondo zeuden ala ez jakitea, baizik eta bizirik zeudela jakitea", gogoratu du ahots dardartiarekin. Gero beste hamar egun inguru pasatu ziren ezer jakin gabe, eta Zumaiara apirilaren 12an iritsi baziren, astebete lehenago lortu zuen Omelchenkorekin hitz egitea. "Esan nien mesedez etortzeko, ez izateko zalantzarik, arazoa ez zela konponduko egun batetik bestera". 

Gerra lehertuko zenik ez zuten uste ama-alabek; "oso eskertuta" daude hemengo familiari

Gizakiaren txarrena bezala, onena ere ateratzen du gerra batek, eta Omelchenkoren aitak egindakoa da horren adibide bat, Artetxerentzat. "Annaren aitak esan zidan alabaren bila joango zela egoera nahikoa segurua zela ikusten zuenean, eta berak eramango zituela mugara. Astearte batean kasu egin zidan esateko etxeratze agindua amaitzen zenean joango zela alabaren bila, eta ordu eta erdiko bidaia zazpi orduan egin zuen, bonbek suntsitutako errepidean barrena. Gaua pasatu zuten bere etxean atseden hartzeko, eta hurrengo egunean Poloniaraino eraman zituen autoz, jakinda berak ezingo zuela herrialdetik irten, gizonezkoek ezin dutelako. Poza sentitu nuen Anna eta Taniagatik salbu zeudelako, baina izugarrizko pena eman zidan aitak. Metro batera eduki salbu egoteko aukera, eta buelta eman eta 900 kilometro egin behar izan zituelako bere etxera, jakin gabe hurrengo egunean bizirik jarraituko zuen". 

Ama-alabek, berriz, zortzi ordu pasatu zituzten mugan, ilaran, Poloniara igarotzeko zain. "Galdakaoko boluntarioei esker, autobusez ekarri zizkiguten Bilboraino, eta orain gure etxean daude", kontatu du, azken zati hori irribarretsu. 

Etorkizunaz

Ama-alabei ez zaie Zumaiako familiaren berotasunik falta. Batetik, ez direlako gutxi Artetxeren etxean: "Senarra eta biok, gure bi semeak eta gure ama bizi gara etxean". Eta orain, bi gehiago dira, zazpi. "Taniak esan dit lagundu nahi duela etxean eta esateko zer egin behar duen, baina nik argi esan nion ez zela etorri gure garbitzailea izateko". Artetxek nahi du Ivanenkok euskara ikastea, eta aurrerago lanean hasten bada, dirua beretzat gordetzea, "Ukrainara itzultzen bada beharko du eta". 

"Bizirik zeudela bakarrik jakinda, lasaitua hartu genuen", esan du Artetxek

Elkartasun keinu horiekin guztiekin hunkituta dago Ivanenko, eta ez bakarrik Artetxe eta haren familiagandik jasotzen ari denarekin. Zumaiarrek ere beso zabalik hartu dutela sentitzen du, eta pertsona "onak" direla hemengoak. "Herritarrak oso detaile politak edukitzen ari dira", gaineratu du Artetxek. "Esaterako, aurrekoan arropa erostera joan ginen ez zeukalako, eta dendariak ez zigun ezer kobratu nahi izan, eta berdin ile-apaintzaileak".

Kostatako galdera izan da, baina azkenean bota du kazetariak: etorkizunean non ikusten du Ivanenkok bere burua eta alabarena? "Etxera itzuli nahi dut, baina alaba Zumaian gelditzea nahi dut, hemen ikastea eta bizitzea", erantzun du. 

Lagunak Kievera, Estoniara, Espainiara... joan zaizkio Omelchenkori, baina iritsiko da berriro elkartuko diren eguna. "Orain pena handia daukagu, baina dena konponduko da", esan du gaztetxoak. Bizitza osoa aurretik duenaren indarra da. 

Elkarrizketan zehar behin baino gehigotan egin die ihes denei negarrak. Gero, paolbidean, haizeak aurpegian jotzen duen bitartean eta egin gabe utzitako galdera mingarri guztiez pentsatzean, burutazio bat gailendu da: baduela halako duintasun berezi bat taberna bateko mahaiaren bueltan lau emakume negarrez egoteak, eta negar malkoak sikatu, eta hizketan eta bizitzen jarraitzeak. 

"Kosovon aurrekari arriskutsua ezarri zen, eta hori da Putinen argumentua"

Gatazka eta gerra guztien atzean arrazoi geopolitikoak egoten dira, eta garrantzitsua da gizarte orok horiek ulertu eta horiez hausnartzea, iritzi kritiko sendoa osatu ahal izateko. Juanjo Alvarez (Zumaia, 1964) nazioarteko zuzenbide pribatuko katedradunak BALEIKEri zerrendatu dizkio beretzat Ukrainako inbasioan kontuan hartzekoak diren gakoak.

Gerra honen jatorria non kokatzen duzu? Izan ere, sinpleegia da esatea hauek onak direla eta horiek gaiztoak, ezta?

Errusiak egin duena erabateko inbasioa da, eta Ukraina garatzen ari den defentsa legitimoa da Nazio Batuen gutunean legitimotzat hartzen den indarkeria-agertoki bakarra. Oinarri horretatik abiatu behar da. Baina, hortik aurrera, eta Putin [Errusiako presidentea] tiranoak merezi dituen balorazioetatik harago, XXI. mendeko tsarra baita, historiari begiratu behar zaio, eta gertuko historiari: Kosovori.

Zergatik Kosovori?

1990eko hamarkadan, nazioarteak, AEBek hala nahi zutelako, Kosovori independentzia onartu zioten, nahiz eta Jugoslavia ohiaren eszisioari amaiera eman zioten Daytoneko akordioek espresuki zioten ezinezkoa zela hori onartzea. Hau da, osagai etnikoan soilik oinarritutako independentzia planteamendu bat legitimatu zen Kosovon, eta aurrekari arriskutsua ezarri zuten. Gogoan dut gerora neuk askotan esan dudala hori. Bada, Errusiak argudiatzen du Kosovon hori onartu zenez, zilegi dela Donbassen gauza bera egitea. Herritarrei galdetzea eskatzen du ea nahi duten independentzia, eta baietz esaten badute, onartzea, Kosovon egin zen bezala. Proposamen horri ezezkoa eman zion nazioarteak, eta Errusiak inbasioarekin erantzun du. Astakeria onartezina da, baina aurrekaria hor dago, eta ez du batere laguntzen.

Putinek esaten du bere lurraldearen osotasuna ere defendatzen duela...

Berlingo horma erori zenetik, zentzurik ba al du Itun Atlantikoari eusteak eta Europako Batasunean sartzen den estatu orok NATOkoa izan beharrak? Alemaniak 50 buru nuklear ditu Moskuri begira, NATOk jarriak. Zertarako? Hizkuntza beliko horretan, Putinek dio bere lurralde osotasuna defendatzen duela. Mendebaldeak gauza bera egin genuen, Irailaren 11ren ondoren, Irakera eta Afganistanera joan ginenean, esanez terroristen bila eta gure lurraldearen osotasuna defendatzera gindoazela. Astakeria bat da mutur batean zein bestean. Ez du justifikatzen Ukrainan gertatzen ari dena, baina aurreko hori guztia aztertu egin beharko litzateke; ez baldin badugu egiten, beste edozein unetan gerta daitekeelako hau.

Gerra eragotzi zitekeen diplomaziarekin?

Gerra geldiarazteko argudioak bilatu behar dira, eta diplomaziak baditu, eta ni ez nago ziur argudio guztiak erabiltzen ari direnik. Gerraren aurreko guztia, urte askotan egindakoa, hartu behar da kontuan. NATOren jarraipen akritikoa egin dute nazioarteko komunitateak eta Europako Batasunak –Frantzia kenduta– eta ulertzeko zaila den mugimendu bat egon da, agresibitate isilekoa. Putini hauspoa eman diote, biktima gisa jarrita eta koadrilakterioan zokoratuta. Gero, Putinek erreakzionatu du erreakzionatu duen bezala. Mendebaldeko diplomaziaren planteamendu guztia manikeismoan oinarritu da: errusiarrak gaiztoak dira, eta baztertu egingo ditugu, eta hurbilago jarriko dugu NATOren muga. NATO erakunde militarra da, defentsakoa bakar-bakarrik. Zentzua du Varsoviako Itunaren ondoren, bi Alemaniak elkartu ondoren, harresia desagertu ondoren, Sobietar Batasuna desagertu ondoren... iparrik gabeko planteamendu geopolitiko horrekin jarraitzeak? Nik ezetz uste dut.

Hortaz, gerra nahi zuten bateren batzuek?

Gerra, edo gutxienez, baldintzak ezartzea hizkuntza autoritario bat erabilita. Gerra hotza esaten zaiona da: armamentu-gaitasuna berrelikatzen da, ustez gerrarik egon ez dadin. Eta, bat-batean, gidoia hautsi egin da, Putinek esan baitu: ausartu zaitez dimentsio horretan sartzera. Alfa arren planteamendua da, argi eta garbi. Nik uste dut diplomaziak beste modu batera jokatu behar zuela. Frantziako Atzerri Ministerioaren egoitza izan zen diplomazia erabili zuen bakarra: diplomazia profesionala, indartsua eta garrantzitsua dauka hark. Inbasioa hasi aurretik esandako guztia errepasatzen badugu, hori saihesten saiatzen zen bakarra zen Frantzia.

Ukrainari armak emateaz zer iritzi duzu?

Oso kontu delikatua da ea arrazoizko estrategia den ala ez Ukraina bere defentsa legitimoan berrarmatzea. Niri eztabaida edo dilema etikoa eragiten dit, biztanleria zibilaren sufrimendua ikusten dugulako, eta Europako ateetan bizitzen ari garelako. Izugarrizko ezinegona eragiten dit. Baina, funtsean, berrarmatze horren atzean, beste mota bateko interes geopolitikoak daude, eta galdera da: zergatik ez da beste batzuetan egin? Zergatik ez Sirian, adibidez? Nik uste dut konponbidea ez dela arma gehiago jartzea. Arazoa da geopolitika ahultasun eta sendotasun terminoetan neurtzen ari dela; berriz ere, matxismotik, muskuluarekin, gihar militar gehien nork duen erakutsita. Hori al da egoera geldiarazteko modua?

Argi duzu negoziatu egin behar dela.

Bai. Orain premiazkoena da mekanismo guztiak aktibatzea inbasioa gelditu dadin. Norbaitek dioenean errusiarrek eskatuko dutela Donbassi buruz negoziatzeko, nik diot: beno, Kosovo aurrekari bat da, eta zer nahi duzu, bada? Zer argudiorekin ukatuko duzu Kosovon egin zenuen erreferendumaren antzeko bat egotea, eta gero, ehuneko botoen %90etik gora independentziaren aldekoak badira, hori ez onartzea? Nik uste dut Putinek inoiz ez duela pentsatu Ukraina osoa hartzea eta hura desagerraraztea estatu bezala, eta gainera halaxe esan du, baizik eta gobernua kentzea, Mendebaldea Iraken saiatu zen bezala, edo Afganistanen eta beste toki askotan egin zuen bezala. Bada, Putinen asmoa hori zen, gero lortzeko Donbass Krimea bezala izatea. Horretarako eraman du guztia muturreraino, eta orain, gerra azkar bat gerra aerobikoan transformatu duela uste dut. 

Finlandiak eta Suediak NATOn sartzea eskatu dute orain...

Akzio-erreakzio mekanismoa da, defentsakoa, oso deigarria, esaten ari zarelako arlo militarrean ez zarela fio Europako Batasunaren babesaz, eta desegokia iruditzen zait momentu honetan planteatzea hori. Errespetatzen dut, baina ez dut bat egiten. 

Zer da gakoa zuretzat?

Gerra bezalako haustura historiko baten alde on bakarra da reseteatzeko aukera ematen duela. Eta Europako Batasunean pentsalariren bat balego, uste dut linea horretan pentsatu beharko lukeela; ez militarki indartsuago eginez. Denbora beharko da, baina modu bakarra da Europak Errusiarekin ere harremanak abiatzea. Egin dugu Turkiarekin, Txinarekin, Israelekin eta beste hainbatekin. Eta Errusiarekin ez? Eta ez da beldurragatik, bizikidetza baketsu eta ordenatu baterako bide bakarra delako baizik.