Hasi da hondartza denboraldia

Maria Maya Manterola 2022ko eka. 15a, 15:30

Irailaren 15a bitartean, sorosleak egunero egongo dira Santiago eta Itzurun hondartzetan. Pandemia egoeran hartutako murrizketarik gabe ekin dio gaur hondartza denboraldiak. 

Aldaketa eta irizpideen berri eman du udalak. Alde batetik, jakinarazi dute 10:30etik 20:00etara egunero egongo direla sorosleak bi hondartzetan, eta sorosleak ez dauden orduetan arduraz jokatzeko deia egin dute. 

Gainerako urteetan Itzurunenen izan den toldo zerbitzurik ez da izango aurtengoan, bestalde. Hondartzaren erabilera ahalik eta handiena izatea nahi dute, itsas maila gorantz baitoa azken urteetan. 

Hondakinei dagokienez, hondartzen kanpoaldean bota beharko dira, behar bezala banatuta. Edukiontziak hondartzen sarrera-irteeratan ezarriko dituzte, eta herritarren ardura izango da egonaldian sortutako hondakinak hartu eta behar bezala botatzea. 

Hondartzetan ez ezik, ibaian ere geroz eta jende gehiago pilatzen dela ikusita, hiru eremu baliztatuko ditu udalak, eta ibaian bainua hartzeari lotutako gomendioak biltzen dituen eskuorriak banatu. Datozen egunetan baliztatuko dituzte eremu horiek. 

Iaz abian jarritako kerik gabeko hondartzen egitasmoari eutsiko diete, gainera. Foru Aldundiak eta udalak sustatutako kanpaina da, eta ez erretzeko gomendioa egiten diete herritarrei, osasuna eta ongizatea sustatzeko helburuarekin, hondartzan zigarrokinik ez gelditzeaz gain. 

NikHondartzak app-a, martxan

Hondartzetako betetze maila ez da neurtuko aurtengoan, baina pandemia garaian martxan jarri zen NikHondartzak aplikazioa erabili ahal izango da hondartzen egoera kontsultatzeko. Itzurungo hondartzako webcama-ren bidez ere kontsultatu ahal izango da. 

Erlazionatuak

Martxan da TAO sistemaren udako aldia

Maria Maya Manterola 2022 eka 15 Zumaia