Aita Mari zine aretoko besaulkiak eta lurra berrituko dituzte

Maria Maya Manterola 2022ko eka. 15a, 14:00
Antzokian 246 besaulki berri ezarriko dituzte. (Zumaiako Udala)

Lanek iraun bitartean itxita egongo da Aita Mari antzokia. Uztailaren amaiera alderako obra amaitzea espero dute. Herritarrei zerbitzu hobea eman nahi die udalak, Aita Mari "kultur eskaintzaren eta askotariko ekitaldien bilgunea" dela iritzita. 

Atzo hasi zituzten Aita Mari antzokiko lanak. Sei astez, lurra aldatu eta besaulki berriak jarri, eta eraikina hobetzeko lanak egingo ditu udalak. 

Izan ere, udalaren arabera, "kultur eskaintzaren eta askotariko ekitaldien bilgunea" da antzokia, eta gune erreferentziala izanik, azpiegituraren egoera hobetu nahi dute, "herritarrei zerbitzu hobea emateko".

Guztira, 100.000 euroko aurrekontua erabiliko du udalak lan horiek guztiak gauzatzeko. Uztailaren amaiera aldera amaitzea aurreikusi dute, eta tarte horretan itxita egongo da antzokia. 

Besaulkiak araudira egokituta

Aita Mari antzokiak 246 besaulki berri izango ditu aurrerantzean. Gainera, besaulkien antolamendua araudiak ezartzen duen neurrira egokituko da, suteen kontrako araudia eta irisgarritasunari lotutakoa betez. Kopurua gutxituko bada ere, "erabiltzaileen segurtasuna eta aretoaren erosotasuna" hobetuko dira. Jarriko dituzten besaulkietatik 224 ohikoak izango dira, hamalau anbulazio erakoak, sei gurpildun aulki jartzeko eremua egokituko da eta zortzi besaulki desmuntagarri ezarriko dituzte. 

Besaulkiak kenduko direla probestuz, lurra ere aldatuko dute. Asmoa da eraginkortasun energetikoa hobetzea, aretoko lurra isolatuta. 

Bestelako lan txikiak ere egingo dituzte: teilatuko egituran esku-hartzeak, suteen aurkako babesgarriak jarri eta eraikinaren mantenu lan orokorrak, besteak beste. 2021eko irailean eraikinaren egoera hobetzeko lanei jarraipena emango die hala udalak. Izan ere, iaz instalazio elektrikoa, suteen aurkako instalazioa, eta eraikinaren ebakuazio-plana hobetzeko lanak egin zituen, bigarren sarrera bat eta aretoan ate berri bat jartzeaz gain.