Zumaiatik ere igaro da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren bizikleta martxa

Maria Maya Manterola 2022ko eka. 13a, 18:05

Astilleros Balenciaga enpresaren parean batu dira lehen txirrindulari zumaiarrak martxara, eta bizikletarik ez zutenek harrera egin diete Beheko Plazan. Bertan, Zumaiako Mugimendu Feministak eta Zumaiako Gazte Koordinadora Sozialistako kideek ere hitza hartu dute, pentsiodunen borrokarekin bat egiten dutela azpimarratzeko. 

Euskal Herri osoari itzulia emango dion Bizikleta Martxari ekin dio gaur Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Enplegu Pentsioen Planak Sustatzeko Lege Proiektuaren kontra protesta egiteko. Donostiatik abiatu da eta hilaren 15ean bukatuko da, hamahiru etapa osatu eta lau hiriburu igaro ondoren. Gaurkoa, lehenengo etapa, Azpeitian bukatuko da, eta Urola Kosta zeharkatzen ari da. Zumaiara ere iritsi dira arratsaldean, 17:00ak aldera. 

Astilleros Balenciaga enpresaren parean batu dira lehen txirrindulari zumaiarrak martxara, eta bizikletarik ez zutenek harrera egin diete Beheko Plazan. Bertan, Zumaiako Mugimendu Feministak eta Zumaiako Gazte Koordinadora Sozialistako kideek ere hitza hartu dute, pentsiodunen borrokarekin bat egiten dutela azpimarratzeko. 

Lege Proiektuari "ezezkoa"

Enplegu Pentsioen Planak Sustatzeko Lege Proiektua ekainaren 9an onartu zuten Espainiako Kongresuan, PSOE, Unidas Podemos, Ciudadanos eta EAJren aldeko botoekin. PP, VOX, ERC, BNG, Compromis, Mas Pais eta CUpek kontra bozkatu zuen, eta EH Bildu eta Coalicion Canaria abstenitu egin ziren. Eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak argi du "ezezkoa" bozkatu behar zela.

"Errenten itun batekin mehatxatzen gaituzten egungo testuinguru honetan, aurreko erreformetako pentsioen murrizketa gehienak betikotzen dira eta murrizketa berriak iragartzen", nabarmendu du mugimenduak. "Pentsio planak diru publikoarekin bultzatzeak helburu bakarra izan dezake: banaketa pentsioen sistema publikoa kapitalizazio sistema bihurtzea, finantza erakunde kudeatzaileen eta gordailuzainen onurarako".

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lege proiektuari uko egin dio uneoro, eta Espainiako Gobernuari exijitu dio tramitazio parlamentarioa bertan behera uztea bozketa egunera arte. Era berean, Unidas Podemos, EAJ eta EH Bildu alderdiei ezekoa bozkatzeko eskatu zieten gutun bidez, baina "ez dugu arrakastarik izan".

Pentsio Sistema Publikoaren pribatizazioaren aurkako borrokarekin jarraituko dutela aldarrikatu du, baita pentsio publikoak, duinak, bidezkoak eta bahikoak bermatzeko borrokarekin ere. "Duela lau urte baino gehiagotik egin dugun bezala jarraituko dugu gure helburuak lortu arte", zehaztu du pentsionisten mugimenduak.