Lehen fitxaketa: euskara

Unai Zubeldia -Gipuzkoako Hitza 2022ko eka. 11a, 16:15

Gipuzkoako Futbol Federazioak Euskararen Plan Estrategikoa egin du, lehen aldiz. Zuzendaritza berria 2020ko abenduan iritsi zen kargura. Emun taldearekin diseinatu du plana, 2025era artekoa.

Euskara erdigunean jartzea. Horixe zen 2020ko abenduaren 23an Gipuzkoako Futbol Federaziora iritsi zen zuzendaritza berriaren oinarrietako bat. Federazioaren barruan, Euskara Batzordea sortu zuten kargura iritsi eta berehala, eta UEFAk homologatutako entrenatzaile tituluak euskara hutsean ateratzeko akordioa lortu zuten Eusko Jaurlaritzarekin joan den otsailean. Orain, berriz, lehen aldiz lau urterako Euskararen Plan Estrategiko bat egin du federazioak, Emun aholkularitza taldearekin elkarlanean. “Bide luze batean beste pauso bat da hau, pauso garrantzitsu bat”, adierazi du Beñat Larrañaga Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteordeak eta Euskara Batzordeko arduradunak.

“Inoren aurka egiteko asmorik ez daukan egitasmoa da”, argitu du Larrañagak. “Azken urteotan aldaketa eta aurrerapauso batzuk izan dira federazioaren barruan, baina orain arte ez zegoen Euskararen Plan Estrategikorik edo antzekorik. Horregatik, beste pauso bat eman beharra geneukala ikusi genuen”.

Kanpo aholkularitza bat eskatzea izan zen federazioaren lehentasunak finkatzen hasteko lehen egitekoa, eta horregatik jo zuten Emunengana. “Guretzat garrantzitsua zen elkarlan hori, futbolari prestigioa itzultzeko”, zehaztu du Larrañagak. Emunen kasuan, Lehior Elorriaga Azpitarte ari da federazioan aholkulari lanetan: “Zuzendaritza berriaren kontua izan da Euskararen Plan Estrategikoa egitea, eta txalotzekoa da hori”. Federazioaren deia jasota, gaur egungo errealitatea ezagutzeko diagnostiko bat egitea izan zen lehen pausoa. “Horretarako, klub guztiei galdetegi bat bidali genien zuzendaritza batzordeko kide batek, jokalari batek eta entrenatzaile batek erantzuteko”. Ehun bat erantzun jaso zituzten. “Eta horiek aintzat hartuta ari gara euskararen alorrean lehentasunak finkatzen”. Larrañagak jakinarazi duenez, Euskararen Plan Estrategikoa pixkanaka gorpuztuta, federazioko zuzendaritza batzordeak berretsi eta urteko kudeaketa planean sartu dute.

Hainbat gai lantzeko, “gizarte eragile aktiboa izatea” da Gipuzkoako Futbol Federazioaren helburuetako bat. “Alde horretatik, hiru oinarri dauzkagu: parekidetasuna, inklusioa eta euskara”. Hirugarren oinarriari dagokionez, Larrañagak aurreratu du azken urte eta erdian “ekintza zehatz batzuk” gauzatu dituztela. “Gure bilera eta batzar orokorretan edo klubekin izaten ditugun bileretan euskararen presentzia areagotzen saiatzen ari gara; kanpoko komunikazioan arreta berezia jartzen saiatzen ari gara; entrenatzaile batzordeko eta entrenatzaile eskolako arduradunak euskal hiztunak jarri ditugu; Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailarekin ere lankidetza hitzarmen bat martxan jarri dugu; Korrika bezalako egitasmo batean parte hartu dugu; Euskaraldian parte hartzea sustatuko dugu…”.