Eguzki energia Zumaian sortu eta kontsumituko dute, egotetik egitera salto eginda

Maria Maya Manterola 2022ko eka. 8a, 12:15
Arzak eta Santamaria herritarrei azalpenak ematen, astearteko aurkezpenean, Aita Mariko zine aretoan. (Gorka Eizagirre)

Proiektuaren sustatzaileek jendaurrean eman dituzte xehetasunak. "Burujabetza energetikora bidean egotetik egitera" igaroko dira Egutera kooperatibarekin.

Burujabetza energetikora bidean pauso garrantzitsua emango du Zumaiak datozen hilabeteotan. Udalak eta Ekiolak bultzatuta, Egutera eratu dute, eguzki plaken bidez energia bertan sortu eta 600 zumaiarrek kontsumitzea ahalbidetuko duen kooperatiba.

Banaketa sarea, sarbidea eta lur laua izan dituzte kontuan eguzki parkearen lur-eremuaren kokapena zehazteko. Oikian ezarriko dute 2.304 eguzki plakek osatutako planta. 

Bazkideek beren kontsumoaren % 100a planta horretatik jaso dezaten, erabiltzaile bakoitzaren profilaren azterketa egingo dute lehendabizi. Ekiolako kideen esanetan, datu horiekin datozen urteetako kontsumoaren kurba jakin daiteke, eta datu horiek esku artean dituztela esleituko dizkiete plakak etxebizitza edo komertzio bakoitzari. 

Atzo aurkeztu zuten jendaurrean sustatzaileek eta ordezkari politikoek. Ikusmina sortu du proiektuak, Aita Mariko zinema aretoa ia goraino bete baitzen. Iñaki Ostolaza alkateak nabarmendu zuen "bide orri luze batean" kokatzen duela pauso hau. Energia trantsizioaren gaiarekiko kezka "agintaldi hasieratik" zutela ere aipatu zuen Ostolazak, baita zenbait pauso eman dituztela ere, argiteria hobetzea edota energia jardunaldiak egitea, besteak beste. 

Energiaren Euskal Erakundeko Iñigo Ansolak, bestalde, energia berri eta garbien alde egin zuen. Haren hitzetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan energia kontsumo altua dute herritarrek, eta premia hori asetzeko ezinbestekoa da iturri ezberdinetatik datorren energia kontsumitzea, eta hor kokatu zuen Egutera. Jose Ignacio Asensio Ingurumen eta Obra Hidraulikoen diputatuaren arabera, bide hau herritarrek egin arren, erakundeena izango da bertan sortu eta bertan kontsumitzeko bermearen ardura. 

Ekiolako kideek zehaztapenak eman aurretik, kooperatibako bazkide eta itsas energia berriztagarrietan aditu Markel Peñalbak hartu zuen hitza. Bidea erraza izan ez arren, "poza" agertu zuen, proiektuak herritarren eta erakundeen babesa jaso duelako. 

Datu argigarri parea ere bota zuen Peñalbak: Zumaian kontsumitzen den energiaren % 9a soilik da etxebizitzetakoa, eta kontsumitzen den guztiaren % 30a, gainera, ez da argindarra. Gainerako guzti horretan ere erronka badagoela gaineratu zuen. 

Energia demokratizatzen

Ekiola proiektuaren nondik norakoak Hodei Arzakek eta Elene Santamariak aurkeztu zituzten gero. Arzakek azaldu zuen "urte asko" daramatzatela ereduari bueltaka, eta eredu kooperatiboa dela beren ustez aproposena. Kontsumo kooperatiba izango da, beraz, Egutera zerbitzua bazkideei eskaintzeko helburua baitu. Irabazi asmorik gabekoa izango da, kontsumitzailearentzat zerbitzua ahalik eta kostu merkeenean lortu nahi baitute. Kontsumitzaileek osatuko dute kooperatibaren jabetzaren % 70a, eta bazkide laguntzaileek % 30a –Gertu ostalari eta merkatarien elkartea, Zumaiako Herri Eskola eta Zumaiena–. Udala, berriz, laguntzailea izango da.

Merkaturatzaile ezberdinak gogoan hartu badituzte ere, propio merkaturatzaile bat sortu dute, baina "erraminta hutsa" izango dela argi utzi nahi izan zuten, eta kooperatiba subiranoa den heinean, berari dagokiola etorkizunean ere bide horretan jarraitu ala ez erabakitzea.

Urtea, erreferentzia

Urtebeteko balizko kontsumoaren diagrama erakutsi zuten gero. Sorkuntza eta kontsumoa parekoak izan ez arren, urtebeteko epean "parekatu" egiten direla azaldu zuten: "Urtarrilean, esaterako, eguzki ordu gutxiago ditugu, baina argindar gehiago kontsumitzen dugu. Alderantziz gertatzen da ekainean. Dena den, urtebeteko epean sortzen den eta kontsumitzen den kopurua parekoak dira". Horrek eragina izango du fakturan: unean bertan sortutako energia ekoizpen kostura kontsumituko dute erabiltzaileek; eguzki irradiaziorik ez dagoen orduetan, merkatu preziora; eta irradiazio gehiegi dagoen kasuetan, berriz, energia hori gorde eta gero kontsumituko dute erabiltzaileek. 

Proiektuaren aurrekontuaz ere aritu ziren Santamaria eta Arzak, eragina izango baitu kopuru horrek bazkideek egin beharreko ekarpenean. Inbertsioa 1,4 milioikoa izango da, gutxi gorabehera. Laguntza ekonomikoek eta zergek baldintzatuko dute kopuru horren gorabehera. Beraz, gaur gaurkoz ez dago jakiterik etxebizitza bakoitzeko egin beharreko ekarpen zehatza, baina kopuru orientagarriak eman zituzten. Ekarpenak 950, 1.257, 1.502 eta 1.809 eurokoak izan deitezke, hurrenez hurren, perstsona bateko, biko, hiruko eta lauko etxebizitzetan. Gainera, fakturan hasieran egindako ekarpenaren zati bat bueltatuko zaie bazkideei. 

Fakturen benetako adibideak ere eraman zituzten. Kontsumoaren eta egungo merkaturatzailearen araberakoa izango da aurreztutako diru kopurua, baina batez beste, % 40koa da. 

Aurreinskripzioa, zabalik

Bazkide izateko interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena, ekiola.eus/zumaia-egutera helbidean. Galdetegi bat betetzea nahikoa izango da, eta ez dute bestelako konpromisorik eskatuko; inskribatutakoek aurrerago erabaki ahal izango dute bazkide egin ala ez. Hala eta guztiz, argitu dute orain izena ematen dutenek lehentasuna izango dutela gero bazkide egiteko.  Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuaren ere izango da galdetegi hori betetzeko aukera. 

Eguzki plantaren eraikuntza aurtengo azaroan hasiko dute, eta datorren urtean hasiko litzateke funtzionamenduan. Dena ondo bidean, 2023ko apirilean sortu eta kontsumitu ahal izango dute zumaiarrek 0 kilometroko energia.