Bizikleta protagonista izango da larunbatean Zumaian

Juan Luis Romatet 2022ko eka. 8a, 12:00

Datorren larunbatean, hilaren 11n, Bizikleta Eguna egingo da Zumaian. Goizeko 8:30ean hasi eta iluntzera arte izango dira egun honekin lotutako jarduerak herrian.

"Mugikortasun jasangarria sustatu, jarduera fisiko osasuntsua bultzatu eta aisialdi modu berriak ezagutzea ditu helburu ekimenak", Zumaiako Udalak azaldu duenez. Haur, gazte zein helduei zuzendutako ekimena da datorren larunbatean egingo dena. Bizikleta irteerak, ginkana eta zozketak, eta bizikleta ikuskizuna izango dira, besteak beste. Gainera, partehartzaile guztien artean bi bizikleta zozkatuko dituzte. Ekitaldiak Beheko plazan egingo dira.

Hau da Bizikleta Eguneko egitaraua:

  • 08:30ean Helduen bizikleta irteera (+16 urte).
  • 09:30ean Haur eta gazteen bizikleta irteera (+8 urte).
  • 12:00etan, ogitartekoa.
  • 12:30ean, Ginkana (opari zozketa).
  • 14:00etan, Paella bazkaria.
  • 16:00etan, Ginkana (opari zozketa).
  • 18:30ean, alebin eta infantil mailako txirrindulari proba.
  • 19:30ean, sari banaketa.
  • 20:00etan, bizikleta ikuskizuna (eguraldi txarrarekin frontoian).
Trafikoan aldaketak

Ekainaren 11n (larunbata), 18:00etatik 19:30era bitartean txirrindulari proba egongo da Zumaian. Proba dela eta aldaketak izango dira trafikoan. Zumaiako kale hauetan izango du eragina: Axular ibiltokia, Bidabeazpia kalea, Bonbillobekoa kalea, Bidezarreta kalea eta Jadarre auzunea.

18:45etik 19:00etara bitartean trafikoa irekiko da bertako bizilagunek ibilgailuak sartu eta atera ditzaten.