Partaidetzazko aurrekontuen azken leheneste saioa egingo dute bihar

Maria Maya Manterola 2022ko eka. 7a, 11:00

2023 eta 2024ko aurrekontuak osatzeko partaidetzazko prozesua abiatu zuen Zumaiako Udalak orain hilabete batzuk. Jasotako proposamenak lehenezteko fasean murgilduta, hirugarren eta azken saioa egingo da bihar.

Partaidetzazko aurrekontuak osatzeko proposamenak egin zituzten zumaiarrek martxoan, 281 guztira. Arrazoi desberdinengatik –udal eskumenekoak ez direlako, aurrekontua gainditzen dutelako...– batzuk zerrendatik baztertu ondoren, 156 proposameneko zerrenda aztertuko dute orain. 

Asmoa da horietatik 60 hautatzea. Zerrenda hori osatzeko hirugarren saioa izango da bihar, asteazkena. Udaletxeko pleno aretoan elkartuko dira, 18:00etan. Honako gaiei lotutako proposamenak aztertuko dituzte:  

  • Euskara
  • Hezkuntza eta heziketa
  • Hirugarren adina
  • Irisgarritasuna: hilerria, igogailua, mugikortasuna
  • Kultura: azpiegiturak, jaiak, liburutegia, ondarea
  • Mugikortasuna: aparkalekua, bide segurtasuna, bidegorria, oinezko bideak
  • Tokiko garapena: enplegua, irisgarritasuna, merkataritza, ondarea-turismoa

Saio hauetan aukeratutako proiektuak bozketa fasera pasako dira gero, udalaren esanetan. Gero, udal teknikariek aztertu eta baloratuko dituzte hirugarren fasera pasatutako proiektuak, eta  irailean herritarrek bozkatuko dituzte aurrekontuetan txertatuko diren proposamenak.