Itsas zaborraren arazoa mahaigaineratu eta konponbide kolektiboen inguruan aritu dira Itzurunen

Maria Maya Manterola 2022ko eka. 3a, 12:00
Argazkia: Euskal Kostaldeko Geoparkea.

Itsas hondakinen inguruan aritu ziren atzo Itzurun hondartzan egindako solasaldian, Geoparkeak antolatuta. Gorka Zabaleta kazetariak gidatu zuen saioa, eta beren esperientziak eta ikuspuntuak partekatu zituzten hizlariek: Mater Museoko Izaskun Suberbiolak, Aztiko Oihane Cabezasek, Surfrider Foundationeko Maria Ballesterosek, eta Jon Kareaga ingurumen aktibista eta Bask markaren sortzaileetako batek.

Joan den igandeko garbiketa saioa abiapuntu hartuta, hizlariak itsas hondakinen arazoaren erpinez aritu ziren atzoko solasaldian. Arazoa konplexua izanik, erantzun kolektiboaren beharra nabarmendu zuten, eta konponbiderako proposamen batzuk aipatu. Geoparkea bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoan berretsi zen, eta eskerrak eman zizkieten solasaldira gerturatutako herritarrei.