Larrainak eta Zumaiako Udalak hitzarmena sinatu dute, euskara sustatzen jarraitzeko

Maria Maya Manterola 2022ko eka. 2a, 17:00
IƱaki Ostolaza alkatea, eta Ibon Manterola, Belen Uranga eta Imanol Azkue Larrainako kideak. (Zumaiako Udala)

Euskara taldeak datozen hilabeteotan esku artean izango dituen zereginen berri ere eman du. Tartean dira Euskaraldiaren aldeko kanpaina, herriko festetan euskararen presentzia bermatzea edota euskal kultura zabaltzeko zenbait ekimen.

Hitzarmena sinatu dute Larraina euskara taldeak eta Zumaiako udalak, aurrerantzean ere euskara eta euskal kultura herrian sustatu eta zabaltzeko. Duela bi urte sortu zen Larraina, Euskaraldia antolatzeko sortutako talde eragilearen eskarmentua eta aukera baliatuta. Orduz geroztik sentsibilizazio kanpainak nahiz ikerketak egin ditu, eta aurten eratu da formalki. 

Hitzarmena sinatzearekin batera, euskara taldearen lan ildoen berri eman dute. Horien artean dira euskararekiko sentsibilizazioa handitzea, euskal kultura zabaltzeko ekimenak edota egitasmoak antolatzea, euskararen lurralde desberdinetako euskaldunen arteko harremanak sustatzea, hizkuntza-eskubideak aldarrikatzea, ikerketak egitea edota hausnarketa eta eztabaida guneak sustatzea. 

Aurrerantzean ere ildo beretik jarraituko du. Izan ere, taldeko kideek iragarri dute ekimen ugari antolatuko dituztela. Alde batetik, sentsibilizazio kanpainekin jarraitzeko asmoa agertu dute: herriko festetan euskararen presentzia bermatzea eta Euskaraldia zabaltzea izango dira kanpaina nagusiak. Euskal kultura sustatuko dute, bestetik: bertso afariak, Xabier Leteren inguruko solasaldia edota irteera kulturalak egingo dituzte. Eta 2021ean abian jarritako Zumaiako haurren sozializazioa proiektua burutu eta aurkezpenak egingo dituzte, azkenik. 

Bi urteotan eskuz esku aritu dira lanean udala eta euskara taldea, hitzarmena orain sinatu badute ere. Zumaiako Udalak euskara sustatzeko konpromisoa eta borondatea agertu du, eta aurrerantzean ere herriko elkarte eta kolektiboekin aritzearen garrantzia nabarmendu nahi izan du, elkarte horien lana eskertzearekin batera. 

Herriko festetan komunikazio kanpainak egitea edota Euskaraldiaren antolaketa indartzea izango dira Larraina elkartearen zereginetako batzuk. Bestelako ekimenak ere antolatuko dituzte: hitzaldi eta mahai-inguruak, irteera kulturalak, edota gazteen ikusentzunezkoen lehiaketa, besteak beste.