Bihar jarriko dituzte salgai 'Sexberdinak' antzezlanerako sarrerak

Juan Luis Romatet 2022ko eka. 2a, 12:00

Telmo Iruretak eta Aitziber Garmendia aktore dituen Sexberdinak antzezlanaren bi emanaldi izango dira ekainaren 10ean Alondegiko Oxford aretoan. Emanaldi horietarako sarrerak bihartik aurrera egongo dira salgai turismo bulegoan.

Ekainaren 10ean ikusi ahal izango da Zumaian Tanttaka Teatroak Geuretik Sortuak programaren barruan sortu duen antzezlana. Kepa Errastik eta Telmo Irureta zumaiarrak sortutako obra da, eta Mireia Gabilondo izan dute zuzendari; Irureta bera eta Aitziber Garmendia arituko dira aktore lanetan. Ezezagun izatetik lagun izatera pasa diren bi lagunen istorioa kontatzen du Sexberdinak obrak, maitasuna, sexua, bakardadea eta jendearen aurreiritziak aztergai hartuta.

Antzezlan berezia da. Izan ere, ikusleen gurpildun aulkietatik ikusiko dute antzezlan osoa. Hori dela eta, Oxford aretoan egingo diren bi emanaldietarako –20:00etan lehena eta 22:00etan bigarrena– sarrera kopurua mugatua izango da. 

Sarrerak bihar jarriko dira salgai turismo bulegoan, 6 euroan; 4 euroan gazte txartelarekin. Herritar bakoitzak bi sarrera bakarri erosi ahal izango ditu gehienez.