Manddale mendia argiztatuko du Zumaiako Gure Eskuk Pirinioetako Bidea egitasmoaren barruan

Juan Luis Romatet 2022ko eka. 2a, 11:00

Gure Eskuk Pirinioetako Bidea egitasmoa abiatu du. Kataluniako lagunekin batera Piriniotako 300 gailurretik gora argiztatu nahi ditu. Zumaiarrek Manddale mendia argiztatzeko ardura hartu dute, eta bertan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak.

Uztailaren 2an egingo da ekintza hori, larunbatez. Zumaiako Gure Eskuk arratsalde-gau horretarako programa prestatu du: 18:00etan aterako dira autobusez Patxita Etxezarreta kaleko hortz klinikaren aurreko geltokitik. Ibardinera 19:30ak aldera iritsiko direla aurreikusten dute, eta handik Manddale gainera igoko dira 30 bat minutuko ibilaldia eginda. Mendia argiztatzeko ekimena 22:30etik 23:30era inguru egingo dela diote, eta gauerdian autobusera jaitsiko dira Zumaiara bueltatzeko. 

Ekintza honetan parte hartzeko aurretik izena eman beharko da hemen.

Izenak lehenbailehen ematea eskatzen dute autobusa antolatu ahal izateko. Horretatako bi aukera izango dira: Erribera kalean jarriko dituzten mahaietan izena emanda, edo gureeskudagozumaia@gmail.com posta elektronikoko helbidera mezu bat bidalita. "Autobusean joango diren guztien izen eta abizenak beharko ditugu antolaketa txukun eraman ahal izateko".