Ezkutuko lan erraldoiari aitortza

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 2a, 09:10
Metrokoadrokako kide Iraia Elias, Ainhoa Alberdi eta Maite Aizpurua. (Utzitakoa)

Metrokoadrokak Bidaide antzezlana taularatuko du bihar, 20:00etan hasita, Zumaiako Aita Mari aretoan. Geuretik Sortuak egitasmoan ondutako proiektua da, eta Iraia Elias eta Ainhoa Alberdi zarauztarrak eta Maite Aizpurua zumaiarra daude tartean.

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan, eskualdeko hainbat sortzaileren proiektuak hezur-mamitu dira azken hilabeteetan. Horietako bat da Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Bidaide antzezlana; Maite Aizpurua zumaiarrak eta Iraia Elias eta Ainhoa Alberdi zarauztarrek ondu dute Uharten (Nafarroa) eta Atarrabian (Nafarroa) eginiko sormen egonaldian, beste zenbait lagunekin batera. Bihar arratsaldean eskualdean taularatuko dute estreinakoz, eta Zumaiako Aita Mari aretoan ikusteko aukera izango da, 20:00etatik aurrera.

"Obra honekin kulturgiltzan dabilen jendeari argia eman nahi izan diogu, eta horiek erdigunean jarri. Ertzetan egoten den jendea da, eta agian herrietan ezagunak dira, baina hortik kanpo inork ez ditu ezagutzen eta kulturaren gurpila martxan mantentzen dute. Nolabaiteko aitortza da jende anonimo horri", laburbildu du Elias aktoreak eta antzezlanaren zuzendariak.

Metrokoadroka aurretik ari zen site specific edo lekuan lekuko antzerkia egiten, herrietara moldatutako obrak eginez, esaterako, Zarautzen, Ean (Bizkaia) eta Oiartzunen (Gipuzkoa). "Aurretik herritarrekin hitz egiten genuen gai baten inguruan, eta jasotako informazioarekin, toki jakin horretarako ikuskizuna sortzen genuen", azaldu du Eliasek. Udalbiltzako beka atera zenean, ohartu ziren ezin hobeto egokitzen zela beraien jardun horretara."Lekuan lekura egokituko zena eta emanaldietan zerbait bertakoa izango zuena eskatzen zuten. Orduan,konturatu ginen gu jada hori egiten ari ginela azken hiru proiektuekin", azaldu du Alberdik.

Eskatzen zutenari jarraituz, herriz herriko kulturgileak kontuan hartuko zituen obra bat egitera bideratu zuten proiektua. Uharteko eta Atarrabiako kulturgileak elkarrizketatu zituzten, eta sormen prozesu osoa bertan egin zuten. "Nolanahi ere, obra unibertsala egiten saiatu gara, herri guztietan ulergarri izango dena. Gainera, saiatzen gara emanaldia eskaintzen dugun herri bakoitzean kulturgile anonimo pare bat lotzen, eta haiekin biribiltzen dugu ikuskizuna", zehaztu du Eliasek.

Antzezlanean bada bidaide garrantzitsu bat, eta hori erraldoia da. Uharte-Atarrabian oso bertakoa eta tradizionala da jaietako figura hori, eta antzezlanean metafora gisa erabili dute. "Erraldoiaren sinbolo hori beste gauza batzuetara estrapolatu daiteke", dio Alberdik: "Handitasunaz eta txikitasunaz hitz egiten dugu, kulturgileen anonimotasunaz, ikusia izateaz... Aitzakia bat izan da horretaz guztiaz hitz egiteko". Gainera, konturatu dira erraldoiek Euskal Herri osoko haurren artean arrakasta itzela dutela. Hori horrela, haur ahotsak entzun ahal izango dira ikuskizunean erraldoiei galderak egiten.

"Gure ikuskizuna ikerketa bat da, eta Atarrabia-Uharten eginiko ikerketa horretan jasotako ideia artistikoki plasmatzen saiatzen gara. Erraldoia erabili dugu sinbolikoki oso potentea delako: oso figura handia da, baina, era berean, norbait oso txikia dauka barruan, ikusten ez dena, eta bera mugitzen duena. Iruditegi horren barruan bada zerbait oso indartsua, gu behintzat identifikatuta sentitzen ginena", nabarmendu du Eliasek.

Proposamena performance moduan dator. Izan ere, Metrokoadrokan askotariko artistak batzen dira: musikariak, aktoreak, idazleak, poetak, arte ederretako jendea... "Guztion nahasketa bat egiten da, eta proiektu bakoitzean nork bere esparruko ale hori jartzen du. Gisa horretan osatzen dugu puzzlea", gaineratu du Alberdik.


Publikoaren erantzuna

Bidaide antzezlanak harrera ona izan du, baina konturatu dira oro har ikusle gutxi ari dela joaten emanaldietara. Geuretik Sortuak zirkuituaren barruko hainbat udalerritan antzerkia programatzeko ohiturarik ez dagoela azaldu dute aktore zarauztarrek, eta jendea erakartzeko beste bide batzuk bilatu behar direla. "Norbait ezaguna bada edo telebistan azaltzen bada, agertokiak bete egiten dira, baina proiektu honetako gainontzeko antzezlanetan publiko gutxi edukitzen ari gara. Pena da, etortzen direnak oso gustura irteten baitira saiotik".