Egutera energia kooperatiba aurkeztuko dute asteartean

Maria Maya Manterola 2022ko eka. 4a, 09:00

Asmoa da azken hilabeteotan proiektuak izan duen garapenaren berri ematea. Herritarrek aurrebazkidetza egiteko aukera ere izango dute bilkuran.

Egutera proiektuaren nondik norakoak azaltzea xede, aurkezpen saioa izango da datorren asteartean, hilak 7. Azken hilabeteotan barne lanak egiten aritu dira, eta orain, hurrengo fase eta epeak, diru ekarpenen aurreikuspenak edota proiektuak bazkideen fakturan izango duten eraginaren inguruan azalpenak emateko antolatu dute saioa. Aita Mariko aretoan izango da, 18:30ean. 

Bertan sortu, bertan kontsumitu

Zumaiako Udalak eta Ekiolak (Mondragon Taldeak eta Euskadiko Energia Erakundeak osatua) joan den urteko urrian eman zuten Egutera kooperatibaren berri. Hektarea bateko eguzki panel planta bat sortzeko asmoa agertu zuten orduan, 400-500 bazkide ingururen energia beharrak asetzeko. 

Astearteko saioan aurrebazkidetza egiteko aukera izango dute zumaiarrek. Horretarako, galdetegi bat betetzea nahikoa izango da, eta ez dute bestelako konpromisorik eskatuko; aurrerago erabaki ahal izango da bazkide egin ala ez. Dena den, orain izena ematen dutenek lehentasuna izango dute gero bazkide egiteko. 

Argibideak, asteartean

Zumaiarren herrian bertan beraien energia sortu eta kontsumitzeko helburuarekin sortu zen Egutera, eta horrekin batera, energia trantsizioaren bidean pauso garrantzitsu bat eman nahi da herrian. 

Bazkide izateko inbertsio bat egin beharko dute herritarrek, panelen erosketa egin ahal izateko. Ekoizpen kostuaren arabera ezarriko dute bazkideek hileroko fakturan ordaindu beharreko kopurua –ondobidean, 30-40 euro/MWh ingurukoa izatea aurreikusten dute–, eta gainera, fakturan hasieran egindako ekarpenaren zati bat bueltatuko zaie bazkideei. 

Dena den, astearteko saioan emango dituzte xehetasunak Ekiolako teknikariek. Herritarrek galderak egiteko tartea ere izango dute bilkuran.