Hondakinen inguruko solasaldia egingo da ostegunean Itzurun hondartzan

Juan Luis Romatet 2022ko eka. 1a, 08:00
Helikopteroaren bidez atera zituzten hondakin zakuak harraldetik igandean. Argazkia: Juan Luis Romatet

Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatuta, eta igandean egin zen garbiketa saioa abiapuntutzat hartuta, itsas hondakinen inguruko solasaldia egingo da datorren ostegunean, hilaren 2an, 19:00etatik aurrera Itzurun hondartzako terrazan. 

Mundu mailako arazo honen inguruko esperientziez eta irtenbidez arituko dira Mater Museoko Izaskun Suberbiola, Aztiko Oihane Cabezas, Surfrider Foundationeko Maria Ballesteros, eta Jon Kareaga ingurumen aktibista eta Bask markaren sortzaileetako bat. Moderatzaile lanetan Gorka Zabaleta kazetaria arituko da. 

Euskal Kostaldeko Geoparkeko koordinatzaile Leire Barriusoren esanetan, "garbiketan izan dugun erantzun positiboa oinarritzat hartuta, bertan jasotako hondakin kopurua aztertuko dugu eta hondakin horien jatorriaren inguruan arituko gara, besteak beste". 

Irtenbideak proposatzeko tartea ere egongo dela azaldu dute antolatzaileek. Gaur egin egiten diren jardueren inguruan hitz egingo dute solaskideek, eta indarrean dauden legeak ere aztertuko dituzte, besteak beste. 

Mahai ingurua arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta ordu eta erdiko iraupena izango du gutxi gora behera. Ez da beharrezkoa izena ematea jarduera honetan. Euria egingo balu, solasaldia Torreberriko aterpean egingo lirateke.

 

Erlazionatuak

Harraldean pilatutako hondakinak atera dituzte auzolanean

Gorka Eizagirre | Gorka Zabaleta | Juan Luis Romatet 2022 mai 30 Zumaia