Harraldean pilatutako hondakinak jasoko dituzte bihar auzolanean

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 28a, 16:30
Europako Geoparkeen Astearen barruan Gordailua bisitatu dute gaur. Argazkia: Euskal Kostaldeko Geoparkea

Auzolanaren bidez, denborarekin harraldean pilatzen joan diren hondakinak bildu eta handik ateratzeko ekintza egingo da bihar Euskal Kostaldeko Geoparkeak deituta. 

Europako Geoparkeen Asteari lotutako ekitaldiekin jarraitzen da Deban, Mutrikun eta Zumaian. Gaur goizean Irunen dagoen Gordailura bisita egin dute, eta arratsalde partean fosilen tailerra egingo dute Mutrikun, Nautilus Ikerketa eta Didaktika gelan.

Bihar, berriz, labarretan pilatutako hondakinak ateratzeko saioa egingo da, Elorriaga inguruan. Mendebaldetik zein ekialdetik joango dira bilketa honetan parte hartuko duten boluntarioak Elorriagara. Debatik 8:30ean abiatuko da autobus bat; Zumaiatik, berriz, oinez egingo dute bidea, gidari batek lagunduta. Kotxez ere gerturatu ahal izango da, baina aparkalekua mugatua dela gogoratu dute antolatzaileek. Talde horrentzako irteera puntua Elorriagako San Sebastian Ermita izango da goizeko 9:00etan.

Hiru orduko lana izango dela aurreikusten dute antolatzaileek. Hondakinak zaku handitan bilduko dituzte, eta horiek helikoptero bidez aterako dituzte ondoren. 

Saio honetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Urola Kostako Geoparkeak azaldu duenez, oraindik izena emateko aukera dago, hemen