Geuretik Sortuak ekimenaren uzta aurkeztuko dute datozen egunetan Zumaian

Maria Maya Manterola 2022ko mai. 24a, 11:30
Irureta eta Garmendia taula gainean, Bilbon. (Utzitakoa)

Harri minak Bonbon Beltz konpainiaren antzezlanak hartuko du ostiral honetan Aita Mariko oholtza. Ekainean, berriz, Zumaiako hiru aktoreren emanaldiak izango dira antzoki horretan.

Geuretik Sortuak ekimenaren barruan sortutako lau proiektu aurkeztuko dituzte maiatzean eta ekainean Zumaian. Ostiral honetan, hilak 27, izango da lehen emanaldia: Bonbon Beltz konpainiak Harri minak antzezlana taularatuko du Aita Marin. Sinopasiak hala dio: "Bizitzak bi zuloen artean dirau: Zulo batetik gatoz, zulora goaz. Bi arrakalen tartea. Hutsuneak bete nahian igarotzen dugun tartea. Harriko zuloa, herriko zauria. Ekin ta ekin, tirita jarri ta jarri. Zauria dago hor, baina… -dio orbainak. Zuloak harriari min ematen al dio?". 

Ekainean beste hiru ekitaldi izango dira. Zumaiarrek parte hartuko dute horietan guztietan: hasteko eta behin, ekainaren 2an, Bost teilatu filma botako dute Aita Marin. Bost istorio laburren bilduma da: Ane eta Mirenen dolua; Ekaitz gazteak eta Inaxio edadetuak baserrian bizi duten katarsiak emandako Arnasa; Michellek jaioterrira itzultzean deskubrituko dituen hitzak eta bere nortasunaren inguruko galderak; paketea dagokion teilatupera eramateko erlojupekoa lehiatzen duen mezularia eta, azkenik, bere burua babesteko ihesi doan Kamaru gazte afrikarra. Hain zuzen ere, Kandido Uranga aktorea sartuko da Kamaruren azalean. 

Hurrengo egunean, ekainak 3, Metrokoadroka sormen laborategiaren Bidaide antzezlana izango da leku berean. Antzezlan horren sorkuntzan parte hartu du Maite Aizpuruak, eta aktore lanetan ere arituko da. Antzezlanean hausnartuko dute zerk mantentzen duen kultura herri batean bizirik. Aizpuruaren hitzetan, ikustezina den bizitza herriz herri aztertu nahi izan dute, eta tokian tokira egokitutako lana prestatu dute horretarako. 

Telmo Irureta du protagonista, Aitziber Garmendiarekin batera, Sexberdinak antzezlanak. Tanttaka teatroa konpainiaren eskutik sortu du obra, Arrigorriagan. Iruretak urtarrilan Baleike-ri egindako adierazpenen arabera, tabuak taula gainera eramatea du xedea antzezlanak, baina era berean, terapia ere bada aktorearentzat. Nikoren azaletik arituko da Irureta, eta horrek askatasuna emango dio bere pentsamendu eta sentimenduen inguruan aritzeko: "Nikoren gauza asko nireak dira, baina ez naiz ni, eta inork ez daki zer den Telmorena eta zer Nikorena".