Helburuak ezin izan ditu bete Iñigo Peñak Munduko kopan

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 23a, 18:00
Bi finaleko photo finisheko irudia.

Iñigo Peñak eta Lazaro Lopezek osatutako ontzia laugarren izan da Munduko kopako B finalean, K2 500 metroko proban. 

Munduko piraguismo kopa jokatu da pasa berri den asteburuan Racice hirian, Txekiar errepublikan. Iñigo Peña eta Lazaro Lopezek osatutako ontziarentzat lehen hitzordua handia zen, eta helburu nagusia uda honetan Kanadan jokatuko diren Munduko txapelketara sailkatzea zuten. Horretarako, Espainiako Federazioak ezarritako kalitate irizpide batzuk bete beharko zituzten: domina bat lortzea edo irabazlearekiko, gehienez, segundo eta 30 hamarrenetara geratzea. Zentzu horretan, helburuak ezin izan dituzte bete Lopezek eta Peñak.

Larunbat bazkalondoren egindako sailkatze estropadan laugarren egin eta finalerdietara sailkatu ziren. Arratsaldean jokatutako finalerdian, baina, ezin izan zuten A finalera sailkatu, eta B finala jokatu behar izan zuten igandean. Igande goizean jokatutako kontsolazioko finalean laugarren izan ziren Lopez eta Peña, Kanada, Serbia eta Eslovakiako ontzien atzetik. Azken bi estropada hauetan Espainiako beste ontziaren aurretik sailkatu ziren.

Uztailaren amaieran izango dute beste hautatze estropada. Hor jakingo dute Kanadara joango diren edo ez.