Pentsiodunen bizikleta martxa Zumaiatik igaroko dela gogoratu dute gaurko kontzentrazioan

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 23a, 16:00
Argazkia: Nerea.

Ohikoa duenez, herriko pentsiodunen talde batek elkarretaratzea egin du eguerdian Saregileen plazan. Ohiko aldarriak gogoratzeaz gain, Pentsiodunen bizikleta martxa Zumaiatik pasatuko dela gogoratu dute. 

Ekainaren 13an igaroko da bizikleta martxa hau Zumaiatik, 17:15ak aldera. Gaurko elkarretaratzea deitu dutenen arabera, garrantzitsua izango da "herrian zehar egiten duten ibilbidean laguntzea, zumaiarren babesa senti dezaten".

Hamahiru etapatan banatuta egingo da bizikleta martxa hau, eta antolatzaileen esanetan, hiru aldarrikapen nagusi izango ditu: gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izatea, zerbitzu publikoaren defentsa egitea, eta zaintza lanak partekatzea. 

Gogoratu dute, baita ere, datorren ostegunean, hilaren 26an, goizeko 11:00etan ekitaldi bat antolatu duela Zumaiako Emakumeon* Etxeak 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutakoa, "Zumaian izan nahiko genukeen zaintza-ereduari buruzko ideiak konpartitzeko". Ekitaldi horretan parte hartzea garrantzitsuna dela adierazi dute elkarretaratzean zehar.