Zilarrezko domina irabazi du Zumaiak Euskadiko trainerilla txapelketan

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 22a, 15:23
Emakumezkoen jubenil mailako trainerilla, larunbatean, sailkatze estropadan. Argazkia: Telmo Deun A.E.

Ondarroan jokatu da asteburuan Euskadiko trainerilla txapelketa. Larunbatean txapelketarako sailkatze estropada jokatu zen; igandean, berriz, banderak eta dominak izan dira jokoan.

Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteak bi ontzirekin hartu du parte txapelketa honetan. Higurarren bat ere parte hartzekoa zen, emakumezkoen senior mailako trainerilla, baina Federazioak bertan behera utzi du estropada hau parte hartze urriagatik –hiru ontzik besterik ez dute izena eman–. Horrek ezinegona ere eragin du parte hartzaile batzuen artean; Zumaiako kasua da hori.

Kontuak kontu, jubenilen mailan eta gizonezkoen maila absolutoan jokatu da estropada. Zumaiak nesketan zein mutiletan hartu du parte txapelketan, jubenil mailan: neskek laugarren egin zuten sailkatze estropadan, larunbatean, eta txapelketa jokatzeko hautagai bihurtu zen; mutilak, aldiz, seigarren izan ziren larunbatean, eta kontsolazioko estropada jokatzearekin konformatu behar izan dute.

Gaur goizean jokatu dira jubenil mailako estropadak, eta neskek zilarrezko domina lortu dute; bigarren egin dute gaurko estropadan 16:32,32 denborarekin. Bost segundoko aldea izan da bandera irabazi duen Kaiku eta bigarren egin duen Zumaiaren artean. Isuntzak irabazi du brontzezko domina.

Gizonezkoetan, berriz, Federazio Sarian, Zumaia lehena izan da Sanpedrotarraren aurretik. Bandera, baina, Itsasoko amak irabazi du.