Datorren asteazkenean egingo da aurrekontuetarako proposamenak lehenesteko aurreneko saioa

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 22a, 11:00
Argazkia: Zumaiako Udala

Partaidetzazko aurrekontuen lehen fasean jasotako proposamenak lehenesteko aurreneko saioa egingo dute datorren asteazkenean, maiatzaren 25ean, 18:00etan udaletxeko pleno aretoan. 

2023ko eta 2024ko udal aurrekontuetan herritarren proposamenak txertatzeko prozesua jarri du abian Zumaiako Udalak. Lehen fasean jasotako proposamenak –156 guztira behin galbahetik pasatuta– 60ra pasa beharko dira. Hori lortzeko, proposamenak lehenesteko hiru saio antolatu dituzte. Lehena datorren asteazkenean egingo da, 18:00etan, udaletxeko pleno aretoan. 

Saio honetan honako gaiak aztertuko dituzte: aisialdia, argiteria, azpiegiturak (haur parkeak, haurrak, estalpea), jarduera fisikoa eta kirola (azpiegiturak, espazio publikoa, gazteria, igerilekua), mugikortasuna eta zerbitzuak (garbitasuna, herri mobiliarioa, hilerria, hondakinak). 

Proposamenak lehenesteko beste bi saio egingo dira, biak ere asteazkenetan: ekainaren 1ean eta 8an, biak ere 18:00etan pleno aretoan. Saio hauetan aukeratutako proiektuak izango dira bozketa fasera pasako direnak.

Hiru bilera hauetatik ateratzen diren 60 proposamenak aztertu eta baloratuko dituzte udal teknikariek. Ondoren, irailean zehar, aurrekontuetan txertatuko diren proposamenak aukeratuko dira bozketa bidez.