Zumaiako bi ontzik hartuko dute parte Euskadiko trainerilla txapelketan

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 21a, 08:06

Ondarroan jokatuko da asteburuan Euskadiko trainerilla txapelketa. Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteak bi ontzirekin parte hartuko du, hasieran hiru izango baziren ere. 

Eztabaida sortu da beste behin ere arraun munduan. Asteburu honetan, larunbatean eta igandean, Euskadiko trainerilla txapelketa jokatuko da Ondarroan. Ontziak lehian hasi baino egun batzuk lehenago Euskadiko arraun federazioak emakumezkoen senior mailako estropada bertan behera uztea erabaki zuen, haren esanetan, "izen emate txikiagatik". Izan ere, hiru klubek bakarrik eman dute izena txapelketa jokatzeko, eta araudiaren arabera lauk parte hartu behar dute.

Kaltetutakoen artean Zumaia dago. Telmo Deun arraun elkarteak kategoria horretarako ontzia apuntatu zuen, eta orain jokatu ezinik geratu da. "Gipuzkoan eta Bizkaian jokatu dira txapelketak hiru ontzirekin. Han posible bada, Euskadikoan zergatik ez?", galdetu dute klubeko kideek. 

Kontuak kontu, bi ontzi eramango ditu Zumaiako arraun klubak txapelketara, biak ere jubenil mailakoak, neskak zein mutilak. Gaur, 16:00etatik aurrera, sailkatze estropadak jokatuko dira, eta bihar, 10:30etik aurrera, txapelketa erabakiko dituen estropadak.