500 metroko distantzian arituko da Iñigo Peña asteburuan jokatuko den Munduko kopan

Iñigo Peña, iazko, Joko Olinpikoetan. Argazkia: Jakes Goikoetxea

Datorren asteburuan, maiatzaren 20tik 22ra bitartean Racicen (Txekiar Errepublika) jokatuko den piraguismoko Munduko kopan arituko da Iñigo Peña piraguista zumaiarra. Oraingo honetan K2 500 metroan arituko da Lazaro Lopez gaztearekin. 

Iaz jokatu ziren Tokioko Joko Olinpikoetan 1.000 metroko distantzian aritu zen Peña Francisco Cubelosekin ontzia osatuta. Oso emaitza onak eman dituzte Peñak eta Cubelosek azken urte hauetan, eta horren adibide da aurten Kanadan jokatuko den Munduko txapelketara sailkatu dela bikoa. Sailkatzearekin pozik da, baina distantzia horretako proba orain lehentasuna ez duela azaldu du zumaiarrak.

Kanadako hitzorduan batera arituko badira ere, Txekiar Errepublikako Munduko kopan bakoitza bere aldetik lehiatuko da. Horrek badu arrazoi bat: “K2 1.000 metroko proba programa olinpikotik kendu zuten Tokioko jokoen ondoren, eta 500 metroko distantziara pasatu naiz beste kide batekin, Lazaro Lopezekin; Cubelos, berriz, 1.000 metrotan zentratu da. Bakoitzak bere helburu nagusiak ditu orain: nik K2 500 metroak –hautatze estropada irabazi genuen–, eta berak K1 1.000 metroak”, adierazi du Peñak. 

Maiatzaren 7ko asteburuan jokatu ziren Verducidoko urtegian (Pontevedra) munduko txapelketarako hautatze estropadak. Peñak eta Cubelosek 1.000 metroko estropadarako sailkatzea lortu zuten; 500 metrotan, baina, nahiz eta hautatze proba irabazi, Peñak eta Lopezek ez dakite Munduko txapelketara joango diren edo ez. “Munduko kopako proba honetan 500 metroko hautatze estropadan lehenak izan ginen bi ontziak egongo gara. Espainiako Piraguismo Federazioak kalitatezko irizpide bat jarri du: dominaren bat lortzen duena, edo irabazlearengandik gehienera jota segundo eta hiru hamarrenetara heltzen dena zuzenean sailkatuko da Munduko txapelketara. Biotako inork kalitate irizpide hori lortzen ez badu, uztailean beste hautatze estropada bat egingo da Munduko txapelketara zer ontzi joango den jakiteko”. 

Raciceko txapelketara begira duen helburua Espainiako beste ontziaren aurretik geratzea dela azaldu du Iñigo Peñak, “eta Espainiako Federazioaren kalitate irizpidea betez, domina lortzea edo irabazlearekiko ahalik eta hurreen egotea”.

Aurten hasi da zumaiarra Lazaro Lopezekin lehiatzen. “Gaztea da, 23 urtez azpikoa oraindik, eta indartsu dator. Aurten sekulako aldaketa jo du. Urte hasieran gurekin entrenatzen hasi zen. Hautatzaileak batera jarri gaitu, eta hasieratik oso ondo moldatu gara. Zorionez, lehen hautatze probak irabazi ditugu, eta bide onetik goaz. Ea munduko kopan biribiltzen dugun, eta urte polita egiten dugun”.