Zabalik da musika eta dantza eskolako matrikulazioa

Maria Maya Manterola 2022ko mai. 17a, 12:10
Musika eskolako ikasleen entzunaldiko irudia, iaz.

Irailaren 12an hasiko dira datorren ikasturteko musika eta dantza eskolako ikastaroak. Matrikulatzeko epea zabalik izango da hilaren 26ra arte; Ubillos jauregian bertan, telefonoz edo posta elektronikoz eman daiteke izena. 

2022/2023 ikasturteari begira jarri da dagoeneko musika eta dantza eskola. Irailaren 12an hasiko dira ikastaroak, eta jakinarazi dutenez, zabaldu dute horietan izena emateko epea. 

Matrikulazioa egiteko, izen-emate orria Ubillos jauregira eraman beharko da bulegoko ordutegian (astelehen eta ostiraletan 11:00etatik 13:00etara edo astearte, asteazken eta ostegunetan 17:30etik 19:30era). Posta elektronikoz ere jasoko dituzte musikaeskola@zumaia.eus helbidean, eta telefonoz ere bai, 943-86 11 83 telefono zenbakira deituta. 

Azaldu dute helburu nagusia edozein adinetako pertsonei musikan, dantzan edo antzerkian prestakuntza ematea dela, eta baita interesa edo bokazioa dutenei lanbide-heziketarako prestaketa ematea ere. Ikasturtean zehar gizarte eta kultur bizitza aberasteko eta dinamizatzeko asmoarekin hainbat jarduera antolatzen dituzte, gainera. Ekintzaz beteriko ikasturtea izango da datorrena: Xixili astea, inauteriak, santelmoak, elkartrukeak, entzunaldiak, kontzertuak zein dantzari txikiak antolatuko dituzte. 

  • Ikusi hemen musika eta dantza eskolaren 2022/2023 ikasturteko izen-emate orria eta eskaintza.