Leire Baraibarrek bigarren egin du Domusa Teknik 40 MLK lasterketan

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 16a, 17:00
Argazkia: Ihintza Elustondo.

Beroa tarteko, ehun korrikalari baino gehiagok bertan behera utzi zuten larunabatean Azpeitian jokatutako lasterketa. Leire Baraibar  bigarren sailkatu zen emakumezkoetan, Oihana Azkorbebeitiaren atzetik. 

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren lehen edizioa jokatu zuten larunbatean Azpeitian, eta beroa izan zen eguneko protagonista nagusia. 420 korrikalari inguru zeuden proban izena emanda, eta ehundik gora erretiratu ziren. Aurreneko postuan amaitu zutenek ere nahi baino denbora gehiago behar izan zuten ibilbidearen 65 kilometroak osatzeko: Aritz Egea urretxuarra izan zen txapelduna gizonetan, 06:00:33 denborarekin; gutxigatik ez zuen lortu sei orduko denbora jaisteko helburua. Emakumeetan, Oihana Azkorbebeitia abadiñarra izan zen nagusi, 07:17:21 denborarekin. Biek ala biek nabarmendu zuten proba gogorra izan dela, eta bero izugarria egin zuela.

Honako hauek izan ziren podiuma osatu zuten korriakalariak: gizonetan, Pere Aurell katalana izan zen bigarrena (06:29:54), eta Igon Mantzizidor debarra hirugarrena (06:31:01); emakumeetan, bestalde, Leire Baraibar izan zen bigarren sailkatua (07:57:15), eta Oihane Perez hirugarrena.