1936an faxistek Oikian hildako bi lagun omendu ditu Usurbil 1936 elkarteak

Aitziber Arzallus 2022ko mai. 15a, 11:44

Pedro Julian Agirre aiarra eta Juan Bautista Aginaga usurbildarra faxistek hil zituzten 1936ko urriaren 1ean, eta ondoren, bide bazterrean botata utzi. 1980an, haien gorpuzkinak hobitik atera eta norbere herrira eramatea lortu zuten familiek. Orain, Usurbil 1936 elkarteak omenaldia egin die Agirreri eta Aginagari, Meagan egindako ekitaldi batean. Handik gertu hil zituzten, Oikiako lurretan.

Usurbil 1936 elkarteak, Usurbil, Aia eta Zumaiako udalen babesarekin, omenaldia egin zien atzo Pedro Julian Agirre Gallastegi aiarrari eta Juan Bautista Aginaga Otegi usurbildarra, Meagan egindako ekitaldi batean. 1936ko urriaren 1ean, handik gertu, baina Oikiako lurretan, hil zituzten faxistek tiroz. Antolatzaileez gain, omenduen familiartekoek eta Zumaiako EAJko ordezkariek ere parte hartu zuten ekitaldian.

Pedro Julian Agirre eta Juan Bautista Aginaga nortzuk ziren jakiteko informazio bilketa egiten jardun du Usurbil 1936 elkarteak, eta arrastoa atera du. Agirrez honakoa esan du: "Elgoibarko Legarda baserrian jaio zen 1921ko irailaren 17an, baina txikia zela familia Aiara joan zen bizitzera. Olaskoegia auzoko Olaskoaga-azpi baserria bizi zen, eta Michelinen egiten zuen lana. 1936ko urriaren 1ean hil zuten, 24 urterekin, Meaga inguruan, bezperan, hiru 'ezagunek' Oriora atxilo eraman ostean. Familiak ikusi zuen udaletxeko kartzelatik nola ateratzen zuten, baina ez zieten ezta besarkatzen utzi ere".

Aginagaz, berriz, honakoa esan du: "1903eko apirilaren 25ean jaio zen Usurbilen, eta lanbidez arotza zen. Gaztainagako Tolaretxen bizi zen. EAJko kidea, Eusko Gaztediko arduraduna eta Mendigoizaleko partaidea zen. Gerra hasi zenean, Usurbilgo milizietan eman zuen izena faxistei aurre egiteko. 1936ko urriaren 1ean erail zuten Meaga inguruan, 33 urterekin, bezperan bere aitaren hileta elizkizunetik ateratzerakoan atxilo eraman ostean".

Usurbil 1936 elkarteak bildu ahal izan dituen zenbait lekukotasunen arabera, "faxistek tirokatu zituzten lekuan bertan utzi zituzten Bautista zein Pedro Julianen gorpuak, bide bazterrean botata. Inguruko herritarrak izango ziren haiek jaso eta gertuko soro batean lurperatu zituztenak, bi zuhaitzen artean". 1980ko uztailaren 3an, hobitik atera eta senideek norbere herrira eraman zituzten gorpuzkinak. Usurbilen eta Aian aitortza ekitaldia eta meza bana egin zizkieten.