Etxebizitza turistikoak arautzeko proposamena aurkeztuko du Udal Gobernuak asteazkenean

Maria Maya Manterola 2022ko mai. 13a, 13:00

Maiatzaren 18an aurkeztuko du proposamena Udal Gobernuak, udal teknikariak, etxebizitza turistikoen jabeak zein Etxebizitza Asanbladako kideak elkarrizketatu ondoren.

Udal Gobernuak etxebizitza turistikoen inguruko proposamena aurkeztuko du asteazkenean, hilaren 18an. Izan ere, Udal Gobernuak azaldutakoaren arabera, ez dago etxebizitza turistikoekin lotutako erregulazioarik, eta beraz, ez da inolako baldintzarik zehazten herrian horrelako erabilerak dituzten jarduerak martxan jartzeko, Eusko Jaurlaritzaren araudi orokorra salbu. 

Zumaiako Udalak ez du erabilera horietarako baimen gehiagorik eman urtebetean. Hain zuzen, 2021eko ekaineko osoko bilkuran hartu zuen erabakia udalbatzak, udal talde politiko guztien adostasunarekin. 

Udal Gobernuak azaldu du "agerikoa" dela etxebizitza turistikoek urte osoko alokairu eskaintzan eta prezioan duen eragina. Era berean, ondorioztatu dute etxebizitza turistikoen gaia ez dela "etxebizitzaren problematikan eragin handiena duen gaia", baina atari berdineko bizilagunen bizikidetzan eta ingurunean eragina duela uste dute, eta beraz, beharrezkotzat jotzen du erregulatu eta zenbait baldintza jartzea. 

Erregulazioa martxan jarri asmoz, Hiritik At kooperatibaren laguntzarekin, teknikariak nahiz inplikatutako parte ezberdinak entzun, eta Zumaiarentzat araudi propioa osatzen aritu da Udal Gobernua azken hilabeteotan. Jendaurrean aurkeztuko du proposamen hori hilaren 18an, 18:00etan udaletxeko pleno aretoan.

Etxebizitza turistikoaren gaiari heltzeaz gain, "etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko programa bat" osatu du Udal Gobernuak. Etxebizitza bulegoan martxan jartzeko, bulego horretan arituko den teknikari bat kontratatu zuen iaz, etxe hutsak mobilizatzeko lanketa abiatu eta alokairurako laguntzak emateko. Etxebizitza promozio berrietan behar desberdinak kontuan hartzeko lanean ari direla ere gaineratu dute.