Munduko piraguismo txapelketa jokatzeko txartela eskuratu du Iñigo Peñak

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 12a, 08:04

Abuztuan Kanadan jokatuko diren Munduko piraguismo txapelketarako txartela lortu dute Iñigo Peñak eta Francisco Cubelosek pasa den asteburuan Galizian egin zen sailkatze proba irabazi ondoren. 

Pontevedrako Verducido herrian egin ziren pasa den asteburuan nazioarte mailako datozen txapelketetan parte hartzeko sailkatze estropadak. Peña eta Cubelos nagusi izan ziren K2 1.000 metro proban, eta lortutako garaipenari esker abuztuaren 3tik 7ra bitartean Kanadan jokatuko diren Munduko piraguismo txapelketarako txartela lortu dute. 

Peñak maiatzaren 20tik aurrera izango du hurrengo hitzordu handia. Hilaren 20tik 22ra bitartean Munduko piraguismo kopa jokatuko da Txekiar Errepublikan, Racice hirian.