Mediterraneoko Jokoetan arituko da Kauldi Odriozola Espainiako selekzioarekin

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 11a, 14:00

Aljeriako Oran hirian jokatuko dira Mediterraneoko Jokoak ekainaren 27tik uztailaren 6ra bitartean. Espainiako eskubaloi selekzioko hautatzaileak dagoeneko aukeratu ditu jokoetan arituko diren jokalariak, eta horien artean da Kauldi Odriozola.

Ekainaren amaiera eta uztailaren hasierara bitartean jokatuko dira Mediterraneoko Jokoak Aljerian, Oran hirian. Espainiako eskubaloi selekzioko hautatzaileak atzo iragarri zituen zer jokalari arituko diren txapelketa honetan, eta horien artean da Bidasoako jokalari Kauldi Odriozola.

Selekzioak Madrilen egingu du prestaketa ekainaren 17tik 22ra bitartean. Egun horretan joango dira Aljeriara.

Dominaren bat lortzea izango da Espainiako selekzioaren helburua. Zazpi aldiz igo dira selekzioko kideak joko hauetako podiumera; azkenekoan, Tarragonan (Herrialde Katalanak) jokatutako jokoetan brontzezko domina erdietsi zuten, 2018an. Jordi Ribera hautatzailearen esanetan, joko hauetarako duten helburua "irabaztea da, baina baita taldea egitea ere".

Kauldi Odriozolak badaki zer den Espainiako selekzio absolutoarekin aritzea, baita domina irabaztea ere. Urte hasieran jokatutako Munduko eskubaloi txapelketan zilarrezko domina irabazi zuen.