Elkano ardatz hartuta aurkeztu dute Kosta bailarako turismo kanpaina

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 11a, 13:00
Kanpainaren sustatzaileak, Elkano Kosta eskuorria esku artean dutela, Donostiako Aquariumean. (Amaia Urbieta Arruti)

Elkano Kosta. Ezagutu gure lurraldea leloa baliatuko du UKUEk bisitariei Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako hamahiru turismo esperientzia proposatzeko.

Juan Sebastian Elkano getariarrak ezarritako mugarri historikoari dagoeneko hamaika aitortza egin dizkiote hainbat eta hainbat erakundek. Aurten, mundu biraren bosgarren mendeurrena betetzen denez, biderkatu egin dira marinela protagonista duten ekimenak. Horren adibide dira astelehenean Donostiako portuan aurkeztu zuten Elkano Itsas Herria egitasmoa edota, metro batzuk iparralderago, Donostiako Aquariumean atzo aurkeztu zuten Urola Kostako udako turismo kanpaina. Azken horretan ere Elkanoren mundubiraren testuingurua baliatu, eta Elkano Kosta, ezagutu gure lurraldea leloa daraman kanpaina jarriko dute martxan.

Aquariumeko aretoan eman dituzte azalpenak Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko presidenteak, Xabier Fernandez Arazi zerbitzuen enpresako kideak eta Violeta Bandres Begi Bistan zerbitzuen enpresako kideak. Hasteko,eskualdeko Kosta bailarako irudi ederreko ikus-entzunezko bat jarri dute, eta jarraian, Salsamendik aurtengo turismo kanpainaren ildo orokorrak zehaztu ditu.

Eskualdeko turismo eskaintza «erakargarria eta jasangarria» izan dadin lanean dihardutela azaldu du, besteak beste. Fernandezek, berriz, eskualdeko turismoa "desestazionalizatzeko" xedea izan zuen ahotan; alegia, turismo eskaintza udatik harago zabaltzeko asmoa. Aurreko urteetan bezala, martxan jarriko dituzte Ongi Etorri Euskararen Herrira eta Kosta Gastronomika kanpainak. Lehenengoaren xedea euskarari "dagokion balioa" ematea da, eta "Urola Kosta bezalako gune turistiko euskaldunek euskararen biziraupenean duten garrantziaz jabetuta" landu nahi izan dute proiektua. Iaz, euskararen balio erantsi horri turismoan ere balioa emateko bideoak zabaldu zituzten, baita turismoaren bueltako hainbat euskarritan euskarazko mezuak zabaldu ere. Jarraipena emango diote horri aurten, baina ez dute bestelako xehetasunik azaldu oraingoz.

Bestetik, azken urteetan egin izan duten moduan, eskualdeko herrietako tokian tokiko jaki eta otorduak dastatzeko "esperientziak" eskainiko dituzte, Kosta Gastronomikoaren kanpainaren barruan.

Bailara, itsasotik

Begi Bistan enpresak, UKUEk eta bailarako udaletako turismo zerbitzuek iaz jarri zuten martxan Elkanoren Talaia egitasmoa, eta aurten ere "Elkanoren legatua ezagutzeko" itsas zeharkaldiak salduko dituzte. Zumaiatik abiatuta, Getarian eta Orion egingo ditu geldialdiak itsasontziak, eta atzera Getarian amaituko du ibilbidea. Itsasoari estu-estu lotutako bailara da Urola Kosta, eta Bandresen hitzetan, tokiko ekonomiaren historiaz gehiago ikasteaz gain –arrantza, burdinolak eta ontziolak izan ditu ahotan–, Elkanoren garaiko bizimodua ere izango dute hizpide zeharkaldian gidari lanak egingo dituzten adituek.

Eskuorri bat baino gehiago

Aurtengo kanpainaren "harribitxia" Elkano Kosta, ezagutu gure lurraldea izango da. Hori izango da aurten gainontzeko egitasmoen aterkia. Turistei lelo hori daraman eskuorri bana banatuko diete Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako turismo bulegoetan, eta bertan, "kalitate goreneko" hamahiru "esperientzia turistiko" proposatuko dituzte. Erakunde publikoek eta enpresa pribatuek elkarlanean sortu dute kanpaina, eta enpresa pribatuen eskaintzak dira eskuorrian jasota datozenak: jatetxeak, ostatuak, bisita gidatuak eta aisialdirako bestelako zerbitzuak, alegia.

Fernandezek eman zituen eskuorriari buruzko xehetasun gehiago. Haren arabera, bertan ageri diren hamahiru zerbitzuetan gastatzeko 500 euroko bonua irabazteko aukera daukate beren esperientzia partekatzen duten bisitariek. Horretarako, bertan ageri den QR kodea eskaneatu beharko dute, eta balorazio galdera batzuk erantzun ondoren, hamahiru zerbitzu horietakoren batean ateratako argazki "alaia" edota «gozamena erakusten duena» bidali beharko dute, zozketan parte hartu ahal izateko.