Zabaldu dute Zumaiako Soldadura Zentrorako izen emate epea

Urola Kostako Udal Elkarteak zabaldu du dagoeneko Zumaian duen Soldadura Zentroaren datorren kurtsorako izen ematea. Maiatzaren 27ra arte izango dute soldadura ikasi nahi dutenek apuntatzeko aukera. 

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) gainditu ez duten 15, 16 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekimena da UKUEk Zumaian eskaintzen duen hau, eta bertan soldadura, fabrikazio eta muntaketako Oinarrizko Lanbide Heziketa ikas dezakete. Ikasketa praktikoak eskaintzen dira, soldadurako lanbidearen oinarrizko ezagupenak eskuratzeko.

Zumaian, Estazio auzoan dagoen zentro honen helburua gazteak, ikasketa praktikoen bidez, soldadura, fabrikazio eta muntaketaren oinarrizko ezagutzaren jabe izatea da batetik; bestetik, ikasketei jarraipena ematea erdi mailako ziklo bat eginez. 15etik 17 urtera bitarteko gazteei zuzendutako heziketa programa bat da hau, eta leku librerik geratuz gero, 17 urtetik gorakoek ere izena emateko aukera izango dute.

Soldadurako Oinarrizko Lanbide Heziketako programa hau Lanbide Heziketako sisteman sartuta dago, hezkuntza arautua da eta Urola Kosta Udal Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren dirulaguntzarekin antolatuta dago.

Soldadura Zentroko kurtsoa bi ikasturtetan banatuko da, irailetik ekainera, goizeko ordutegian, eta horien amaieran eskualdeko enpresetan laneratzeko aukera izango dute gazteek. 

Izenak Soldadura Zentroan bertan eman daitezke (Urola Plaza 10, Estazioko industrialdea, 20750 Zumaia; 943-86 25 76; soldadurazentroa@urolakosta.eus) maiatzaren 27a baino lehen.