Bitik bi igoerarako bidean

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 9a, 11:20
Zaletuen bultzada izan zuen Labarra Taberna Pulpok Leioan jokatutako partidan. Argazkia: Pulpo Eskubaloia

Euskal ligara igotzeko fasean murgilduta dago Labarra Taberna Pulpo eskubaloi taldea. Pasa berri den asteburuan garaipena erdietsi du. Datorren asteburuan igoerarako aurkari nagusi duen Tolosa jasoko du Lubakin. Zumaiako kiroldegiko harmailak bete eta taldea animatzea eskatzen du klubak. 

Igoera fasean jokatutako bi partidak irabazi ditu oraingoz Labarra Taberna Pulpo eskubaloi taldeak. Faseko lehen jardunaldian 27-18 emaitzarekin irabazi zion Zumaiako taldeak Urduliz Eskubaloiari Lubakin jokatutako partidan.

Bigarren jardunaldia etxetik kanpo jokatu dute zumaiarrek, Leioan, Askartza taldearen aurka. Etxetik kanpo ere etxean bezala sentitu ziren Pulpokoak. Izan ere, klubak egindako deiari erantzunez, ehun bat lagun joan ziren Bizkaiko herrira Labarra Taberna Pulpo taldea animatzera. Hamar goleko aldearekin irabazi zuen Zumaiako taldeak Askartzaren aurkako partida (20-30).

Igoera faseko lehen bi partidak jokatuta lehen postuan da Labarra Taberna Pulpo eskubaloi taldea, puntutara Tolosarekin berdinduta. Tolosarrek ere orain arteko jokatutako bi partidak irabazi dituzte.

Bi talde hauek datorren larunbatean, hilaren 14an, neurtuko dira Lubaki kiroldegian (17:00etan). Ikusitakoaren arabera, igoera lortzeko bi faboritoak dira zumaiarrak eta tolosarrak, eta garrantzia handia izango du partida hau irabazteak. Horregatik, dei egiten die Pulpo Eskubaloia klubeko zuzendaritzak zaletuei larunbatean kiroldegira hurreratu daitezen. "Partidak garrantzia handia du, eta harmailak bete behar ditugu".