Harrera ederra egin diote parrokian Mendaro Marinelaren taula zaharberrituari

Maria Maya Manterola 2022ko mai. 7a, 13:30

Aste Santuan itzuli zuten Mendaro Marinelaren taula flandiarra San Pedro parrokiara. XV. mendeko obrari harrera egin diote gaur ekitaldi batekin, eta bertan izan dira udaleko eta Aldundiko ordezkariak, Vera Aldabe zaharberritzailea, Pedro Laskurain parrokoa eta zenbait herritar.

Azken bi urteotan zaharberritze lanak egin ondoren, San Pedro parrokian da berriz ere Mendaro Marinelaren taula flandiarra. Aste Santuan eraman zuten kaperara, eta obrari behar bezalako harrera egiteko, ekitaldia izan da gaur parrokian bertan. Ekitaldian parte hartu dute Pedro Laskurain parrokoak, Marina Bidasoro Kultur zinegotziak, Harkaitz Millan Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak eta Vera Aldabe zaharberritzaileak, eta hitzartzeen ondoren, San Pedro abesbatzak bi pieza abestu ditu Amaia Aldalurren zuzendaritzapean. 

Laskurainek egin ditu lehen hitzak ekitaldian. Eskerrak eman nahi izan dizkie zaharberritzearen prozesuan beren alea jarri duten guztiei. Parrokoaren hitzetan, "ondare aberatsa" dute parrokian, eta "harro" dago kristau komunitatea. Era berean, nabarmendu du erantzukizun handia dutela ondarea behar bezala zaindu eta transmititzeko, eta bide horretan lagundu duten instituzio eta boluntarioei egin die aipamena. 

Obrari dagokionean, parrokoaren ustez "edertasun originala" berreskuratu du, eta Vera Aldabek eta bere taldeak "lan ikusgarria" egin duela deritzo. Ekitaldira gerturatu den Juan Pablo Aroztegi Zumaiako parroko ohiari eskerrak eman dizkio, hark jarri baitzituen artelana zaharberritzeko prozesuaren oinarriak.

Aldundiko ordezkari Harkaitz Millani pasa dio hitza Laskurainek. Millanen hitzetan, "egun pozgarria" izan da gaurkoa. Izan ere, taula flandiarra parrokiara itzulita, haren edertasunaz gozatzeko beta izango dute aurrerantzean bisitariek, "ondarea ez baita sortu inork ikusi ez dezan ezkutuan egoteko". 

Obra "aipagarriena"

Pandemiaren testuinguruan Aldundiak abiatutako Piztu kultura planaren barruan eman dute taula zaharberritzeko diru laguntza, Millanen arabera. Beste zenbait kulturgileri bezala, zaharberritzaileei ere bultzada bat emateko jarri zuten martxan programa hori, kulturak jasandako kalteak arintzeaz gain. Programa horren barruan egitasmo asko lagundu badituzte ere, Mendaro Marinelaren taula flandiarraren zaharberritzea "aipagarriena" dela uste du Millanek. 

Zumaiako obrari esker, gainera, XV. mendeko historiaz ikasteko aukera izan dutela azaldu du diputatuak. Izan ere, margo flandiarren inguruan nazioarteko bilkura bat egiteko aukera izan dute, eta ekitaldian iragarri duenaren arabera, bilkurako irakaspenekin publikazio bat argitaratuko dute aurki. 

Halako zaharberritze prozesuetarako Aldundiaren eta Gordailuaren prestutasuna nabarmendu ditu Bidasorok, bestalde. Zinegotziak uste du "ezinbestekoa" dela instituzioen elkarlana ondarearen berreskurapenerako, eta zentzu horretan, ateak zabaldu dizkie etorkizunean suerta daitezkeen elkarlanei.

Parrokiaren bueltan zumaiarrek izandako "bizipen ederrak" ere aipatu ditu Bidasorok, baita "barruan ezkutatzen dituen altxorrak" ere. Horiek guztiak bisitatzera gonbidatu ditu herritarrak, eta Vera Aldaberi eman dio hitza.

XV. mendeko aitzindari

Zaharberritze prozesuan parte hartu duten profesionalen taldea aipatu du hasteko eta behin Aldabek. Izan ere, "talde handi baten ordezkaria" izan da gaur bera. 

Oroitzapenezko obra da Mendaro Marinelarena, Aldaberen esanetan. Juan Martinez de Mendaro kapitainak San Pedro parrokiari emandako taulan XV. mende amaierako naoak irudikatzen dira. Goikaldean Ama Birjina agertzen da haurtxoarekin, eta ezkerraldean, San Pedroren irudia ageri da. Haren aldamenean, belaunikatuta ageri da Mendaro Marinela taularen emailea. Eskuinaldean, berriz, Santa Katalinaren irudia ikusten da, liburu bat irakurtzen, eta atzean gizonezko baten burua. Beheko zatian, nabigatzen ari diren ontziak ikusten dira. Uste denez, Mendaro Marinelak zuzendutako ontzien garaipena irudikatzen da taulan, 1475. urtean Gibrartalko itsasartean, portugaldar eta genovar armaden aurkako garaipena, alegia Ezkerreko ontziak Portugalgo armarriak ditu, eta eskuinekoak Gaztelako armarriak ditu.

Dena den, Aldaberen hitzetan, ez dago obra noizkoa den jakiterik, garai hartan Pazko egutegia erabiltzen baitzuten, eta beraz, ez dagoelako jakiterik egutegi horren arabera sinatu ote zuten 1475. urteko datarekin. 

Jatorriaren inguruan, adituek baieztatu ahal izan dute flandiarra dela. Herbeheretan sortua da, baltikoko egurrekin egindako markoa baitu inguruan. Teknika tradizionalarekin margotutakoa da, margoen tonu urrekara eta dirdiratsuak tarteko. 

Aldabek "obren esku-hartze seguruak eta materialekiko errespetagarriak" defendatu nahi izan ditu, gainera. Taula flandiarrari dagokionez, beharrezko azterketa historikoak eta analisi kimikoak egin ondoren berritu dutela azaldu du. Materialen biziraupenerako analisi klimatikoa egin ondoren, kaperara itzuli dute, atzealdean hezetasunaz isolatzeko babesgarri bat jarrita.

Parrokia ordu gehiagoz zabalik

Laskurainek hitzartzea baliatu du jakinarazteko parrokia bisitatzeko ordutegia zabalduko dutela, "boluntarioen lanari esker". Haren hitzetan, "tristura" ematen dio bisitariei San Pedro parrokia itxita dagoela esateak. QR kode bati esker, gainera, bisita gidatua egin ahal izango da aurrerantzean.