Julene Azpeitiaren eta Elbira Zipitriaren obrak digitalizatu eta herritarren eskura jarri dituzte

Onintza Lete Arrieta 2022ko mai. 7a, 16:00
Jakineko Xabier Eizagirre lanaren koordinatzailea eta Lorea Agirre zuzendaria, gaur prentsaurrean (Jakin).

Emakume Abertzale Batzako bederatzi egileren 1.292 lan digitalizatu dituzte, eta Xabier Eizagirre zarauztarrak egin ditu koordinatzaile lanak. Emakume Abertzale Batzaren mendeurrena baliatu du Jakin aldizkariak herritarren eskura jartzeko lan horiek.

Jakin aldizkariak Emakume Abertzale Batzako bederatzi kideren 1.292 lan digitalizatu ditu, tartean Elbira Zipitria eta Julene Azpeitia zumaiarrenak, eta horiek herritarren eskura  jarri ditu jakin.eus atarian.

Atzo eguerdian Donostian prentsaurrean aurkeztu zuten egitasmoa Lorea Agirre Jakinen zuzendariak eta Xabier Eizagirre egitasmoaren koordinatzaile zarauztarrak.

Agirrek azaldu zuen orain arte pentsamenduaren transmisioan gizonen lanak nabarmendu direla, baina bolumena apalagoa izan arren, “garrantzia izugarria” duela emakume horien lanak, “ez zegokien eremu batean sartuz, pronostikoen kontra eta garaian esleitzen zitzaizkien lanetatik kanpo, bestelako baldintzapenetan” sortu zituztelako. Horregatik uste du emakume horien lana baloratzeko ezinbestekoa dela beste begirada bat izatea: “Ezin da bolumen edo jorratutako gaien barruan soilik aztertu, baizik garaiko errealitateak inposatzen zizkien ezinen argitan aztertu behar dugu”.

Jakinek martxan duen euskal pentsamenduaren transmisiorako proiektu digitalaren atal berria osatzen dute bederatzi egile horien lanek. Izan ere, dagoeneko hainbat egile ezagunen obra digitalizatua daukatela gogorarazi du Eizagirrek: Carlos Santamaria, Azkue, Villastante, Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, etab. Orain, Juan San Martinena dute eskuartean.

Prentsaurrekoan kontatu zuten 2018an osatu zutela gaur aurkeztu duten obra digitalizatzeko egitasmoa, “Bilbao 700 III Millenium Fundazioaren laguntzarekin, Josune Aristondo lehendakari zela”. Hala, Agirrek jakinarazi zuen emakumeen obrak digitalizatzen jarraitzeko asmoa dutela, eta martxan dela  “Bizenta Mogelen obratik hasi eta 1936ko gerrara bitarteko testuen digitalizazio bat. Gaur aurkeztutako bederatzi emakumeen obrarekin eta etortzeko daudenekin, gure pentsamenduaren genealogia osatzen ari gara eta ezinbesteko parte bat dira, gure aurrekoa eta gaur egungo egoera ulertzeko”.

Bederatzi idazle eta hainbat gai

Julene Azpeitia, Errose Bustintza, Karmele Errazti, Miren Etxabe, Julia Fernandez Zabaleta, Tene Muxika, Polixene Trabudua, Sorne Untzueta eta Elbira Zipitriaren lanak digitalizatu dituzte, eta Eizagirrek esan zuen “inurri lana” izan dela: “Bilaketa eta identifikaziotik hasiz, argitaldariak orriz orri ikertu, aztertu, ezizenak konprobatu… sarritan identifikatzea da zailena; eta gehiago, emakumeen kasuan”, azpimarratu zuen.

Kontuak kontu, Jakinen ordenaturik eta bakoitzari bere leihoa emanez, 1.292 testu gelditu dira aztergai eta ikusgai.

Gaiei dagokienez, zazpi parte bereiztu dituzte:

  • Literatura (sorkuntza lanak eta azterketak)
  • Politika
  • Emakumea, politika eta gizartea
  • Hezkuntza
  • Gizartea, etika eta erlijioa
  • Tokiko informazioa, herri kronikak