Kauldi Odriozola: “Garrantzitsua da jendea zutaz gogoratzea jokalari on bezala, baina baita pertsona on bezala ere”

Pulpon hasi zen hegaleko jokalaria Bidasoan hazten ikusi da azken zazpi urteotan. Nantesera egingo du salto hurrengo denboraldian, eta Frantziako ligan aritzeko aukera izango du. Europako txapelketatik itzuli berri da Kauldi Odriozola (1997), eta Baleike-k elkarrizketa hau egin dio, zilarrezko domina eskutan.

Haren kirol ibilbidean mugarria izango da 2022. urtea Kauldi Odriozolarentzat. Hungariatik itzuli berri da; bertan aritu da Espainiako selekzioarekin Europako onentsuenen artean. Bidasoako jokalaria da, baina Nantesekin arituko da datorren denboraldian Frantziako ligan.

Urte mugitua izaten ari da: fitxajea dela, Europako Txapelketa… nola bizitzen ari zara garai hau?

Ondo. Egia da Nantesek fitxatu ninduenean agobiatuta ibili nintzela. Erabaki zail bat hartu behar nuen, horren ondorioz nire bizitza asko aldatuko da eta. Uste dut onerako izango dela; talde hobeago batera egingo dut salto. Azken finean, nik nahi dudana egiten ari naiz. Ez naiz Zumaiatik atera 25 urtean. Hilabete bat egon nintzen zalantzekin, baina niretzat onena dela uste dut, eta aurrera egingo dut horrekin.

Oso garbi neukan kirol ikuspegitik aukera onena zela niretzat. Talde indartsu bat da, Championsean aritzeko aukerarekin, Frantziako ligan beti oso goian dabilena… Baina zalantza neukan

Asko kostatu zaizu Bidasoa utzi eta Nantesera joateko erabakia hartzea?

Pixka bat bai. Oso garbi neukan kirol ikuspegitik aukera onena zela niretzat. Talde indartsu bat da, Championsean aritzeko aukerarekin, Frantziako ligan beti oso goian dabilena… Baina zalantza neukan, Zumaian nire konfort-zonan bainago, eta aldaketa handia da hizkuntzaren aldetik ere. Irunen jokatzen dut orain, Zumaian nago nire familiarekin, bikotekidearekin, lagunekin… Hortik ateratzeak beldurra ematen du. Hala ere, edonork bisitan etorri nahiko balu ere, bost ordura dago kotxez. Hiri oso polita da, gainera.

Julen eta Gurutz Aginagalde Bidasoako taldekideak ere kanpoan ibili izan dira. Haiekin kontsultatu al duzu erabakia hartu aurretik?

Bi frantziar ditut taldean, eta haiekin hitz egin nuen, haiek hobeto ezagutzen dutelako bai herrialdea bai liga. Galdetu nien guztiek erantzun bera eman zidaten: zalantzarik gabe eskaintza onartzeko. Orain da saltoa emateko momentua, eta hori nabarmendu didate hitz egin dudanek.

Frantzian hemen baino indar handiagoa du eskubaloiak.

Bai. Kluben profesionalizazioa ezberdina da. Espainiako Estatuan pandemiaren aurretik ari ziren gauzak hobetzen, baina pandemiak kalte handiak egin ditu. Hala ere etorkizun handia du. Europako txapelketan, adibidez, emaitza ona lortu dugu. Maila handia dago, eta saiatu behar dugu guk geuk hobeto saltzen eskubaloia hemen bertan.

Beste eskaintzarik izan duzu edo Nantes izan da ate joka etorri den bakarra?

Batzuk izan ditut azken urteotan, baina oraindik ez nengoen prest salto hori emateko. Gaztea nintzen, eta eskaintzak ere ez ziren hain tentagarriak. Ez zait gustatzen horrelakoetan asko arriskatzea. Nantesekoa atera da azkenean, eta uste dut oso aukera ona dela niretzat.

Bidasoan zazpi urte egin ditut. Bigarren mailan hasi nintzen, eta zorte ona izan dut, ni hazten joan ahala kluba ere hazten joan delako

Garai ona oraintxe duzu, ala?

Nire taldean dauden asko beranduago atera dira. Jose Manuel Sierra, esaterako, 30 urterekin joan zen kanpora. Lehen Espainiako ligaren maila askoz indartsuago zen eta diru gehiago zegoen. Adin ona da [kanpora joateko]. Bidasoan zazpi urte egin ditut. Bigarren mailan hasi nintzen, eta zorte ona izan dut, ni hazten joan ahala kluba ere hazten joan delako. Asobal ligan bigarren postuaren borrokan egotea lortu dugu. Baina, etapa bat bukatu da, eta orain beste bat hasiko da.

Bidasoak maila bikaina erakutsi du, baina Bartzelonaren aurka ez dago zer eginik, ezta?

Asobal ligan lortu dezakegun emaitzarik onena da bigarren geratzea. Bartzelona munduko talderik onena da, eta Championsean ere talde askori irabazten die. Aurreko denboraldian ez zuen partida bat bera ere galdu. Ilusioz joaten gara ahal dugun guztia lehiatzera, baina zaila da haien aurka aritzea. Espainiako gainerako taldeak batera baino aurrekontu handiagoa du klub horrek. Beraien helburua Europako txapelketa irabaztea da, eta halako taldeek munduko jokalari onenak beraien artean trukatzen dituzte.

Zazpi urte egin dituzu Bidasoan. Prentsaurrekoa eman zenuenean taldea uztearen pena adierazi zenuen.

Bai. Urte asko dira, lagun asko ditut han, eta momentu on eta txar asko bizi izan ditut. Etapa izugarria izan da. Zortea izan dut kirol aldetik emaitzek lagundu egin digutela, lehen urtean Bigarren Mailatik igo ginen, gero Asobal ligan mantendu ginen, mailara ohitzen joan gara, eta gero bigarren geratu eta Champions jokatzeko aukera zabaldu zitzaigun… Nik uste dut kluba azken urteotan asko hazi dela.

Momentu honekin eta lagun onekin geratuko naiz. Nantesera joaten naizenean ere, haiekin kontaktua mantenduko dut. Oso ondo portatu da nirekin kluba; Bidasoak eman zidan aukera profesionaletara saltoa emateko, eta oso eskertuta nago.

Momentu honekin eta lagun onekin geratuko naiz. Nantesera joaten naizenean ere, haiekin kontaktua mantenduko dut

Entrenatzaileek konfiantza izan dute zugan.

Lehen urtean Fernando Boleak entrenatu zigun. Lehen momentutik izan zuen konfiantza nirekin kantxan; minutu asko jokatzeko aukera izan nuen berarekin. Gero Jacobo Cuetara iritsi zen, eta harekin ere berdin. Aukera izan dut minutu asko jokatzeko, konfiantza guztia izan du nigan, minutu inportanteetan hor egon naiz…

Gaztea zarenean jokatu egin behar duzu; momentu horietan ikasten duzu hobetzen. Alde horretatik klubean ez dut momentu txarrik pasa.

Okerrena lesioa izango zen, edo?

Bai. Eskubaloian nahiko fuerte jokatzen dugu, kolpe asko hartzen ditugu, eta batzuetan gaizki erortzen gara. Lesio txikiak izan ditut, baina larriena, joan den urtean. Beste jokalari askok izaten dituzten lesioekin alderatuta, ordea, ez zen hain larria. Bizpahiru hilabete kanpoan egon nintzen, eta ez dut oroitzapen politik: taldetik kanpo zaude eta ezin duzu lagundu. Kirolaren parte da, ordea, eta horretatik ere ikasi behar da.

Kirolari profesionala zara, baina ikasketei garrantzia handia eman diezu.

Ingeniaritza Elektronikoko hirugarren maila bukatuko dut orain, eta laugarreneko hiru ikasgai eta Gradu Amaierako Lana ditut egiteko. Espero dut datorren urtean Nantesen amaitzeko aukera izango dudala; Unibertsitatearekin hitz egin behar dut. Garrantzitsua da eskubaloian jokatzea, baina formatzea ere bai; eskubaloia ez da futbola. Etorkizun baterako prest egon nahi dut.

Noiz arte jarraitu nahiko zenuke?

Nire lagunak ikusten ditut, lanean daudenak, eta pribilegiatua sentitzen naiz. Bidaia luzeak badaude, tentsioa ere bai, presioa, bolada txarrak… Baina gustatzen zaiguna egiten dugu. Egunean bi, hiru edo lau orduz entrenatu, jendaurrean partidak jokatu… Edonork nahiko luke gustatzen zaiona egitetik bizi ahal izatea.

Garrantzitsua da noiz erretiratu jakitea ere. Ez nuke nahiko jendea nire oroitzapen txarrarekin geratzea, jokalekuan arrastaka. Nahiko nuke azken urtea maila onean nagoenean egin, baina horretarako oraindik urteak falta dira.

Ez zen erraza izango pandemia garaian harmaila hutsekin partidak jokatzea.

Zentzu horretan nahiko txarra izan zen joan den urtea. Taldekideak gaixotzeko beldurrez geunden. Gaixotuz gero, hamar egun etxean pasatzeaz gain, bizpahiru partida galtzen genituen… Artalekuko harmailak beteta jokatu izan dugu, baina joan den urtean kiroldegia hutsik zegoen eta taldekide bati zerbait esaten zenionean jokaleku guztian entzuten zen. Granollersen aurka, adibidez, Ligako bigarren postua lortzeko lehian, arraroa izan zen. Guk bakarrik ospatzen genituen golak.

Zorionez, egoera hori bukatu da, eta jokalari bezala zuen afizioaren bultzada sentitu dezakezue.

Artalekun beti izan da horrela. Pixkanaka ari da jende gehiago etortzen, eta errekuperatuko da lehengoa.

Europako txapelketan izan berri zara. Aurrez Espainiako selekzioarekin jokatu izan duzu, baina hau lehenengo txapelketa ofiziala izan da zuretzat.

Nire postuan maila handia dago, eta zaila ikusten nuen horrelako txapelketa batera joatea. Ez dut jokatzeko aukera handirik izan, baina asko gozatu dut. Esperientzia oso ona izan da, eta lortu dugun emaitza are hobea. Egia da finalean penaz geratu ginela, batik bat, galdu genuen moduarengatik: guk baloia galdu, 60. minutuan penaltiz gola jaso eta gol bakarrarengatik galduta… Gogorra da, baina uste dut txapelketa guztiari erreparatuta, oso ona dela emaitza. Txapelketa hasi aurretik ez genuke pentsatu ere egingo finalera iritsiko ginatekeenik. Talde indartsu asko zeuden, eta askotan zortea ere bada. Uste dut zortea ere izan genuela, finaleko partidan ez ezik. Finalerdietan, Danimarkaren aurka, uste dut inork ez lukeela gugatik euro bat emango; baina, irabazi egin genien, eta ondo gainera.

Egia da finalean penaz geratu ginela, batik bat, galdu genuen moduarengatik: guk baloia galdu, 60. minutuan penaltiz gola jaso eta gol bakarrarengatik galduta…

Min gehiago ematen du final bat horrela galtzeak, edo?

Gol bat da. Baina egia esan, uste dut nahiago dugula horrela galdu, hamar golengatik baino. Geneukan dena eman genuen eta sentsazio txarra izan genuen behin bukatuta, baina hor egon ginen.

Zilarrezko dominarekin itzuli zara, baina ez duzu asko jokatu.

Lehenengo txapelketa zen, eta joan aurretik ere banekien ez nuela aukera handirik izango. Aleix Gomez eta Ferran Sole munduko hegaleko jokalari onenak ez badira, onenen artean daude. Esperientziaz gozatu eta ikastera joan nintzen. Ferranek positibo eman zuen, eta deialdian sartu ninduten. Finalean bi minutu jokatu ahal izan nuen. Denok nahi izaten dugu gehiago jokatu, baina gustura nago.

Europakoa mundu mailako txapelketa gogorrena izango da. Alde horretatik, merito galanta du zilarrezko domina lortzea.

Nik uste dut Europakoa gogorragoa dela mundu mailakoa baino. Azken finean, munduko txapelketan bizpahiru partida jokatu ditzakezu asiarren edo hego amerikarren aurka, eta egun horietan atseden har dezakezu. Europakoan talde guztiak dira indartsuak, eta pixka bat despistatzen bazara, zureak egin du.

Gaztea zara, baina urte asko egin dituzu dagoeneko eskubaloian. Nola gogoratzen duzu orduko Kauldi?

Gogoratzen dut Pulpon jokatzen nuenean nire ametsa Asobal ligan jokatzea zela, erdi profesional edo. Azkenean pixkanaka aurrera egin dut, eta ez nuke inoiz pentsatuko Espainiako selekzio absolutuan jokatu ahal izango nuenik. Debutatu nuen, orain Europako txapelketara joateko aukera izan dut. Zentzu horretan, anbizio handiz jarraitu behar dut selekziora joaten eta datorren denboralditik aurrera Nantesen ondo aritzen.

Zortea daukat eskubaloian ona naizela, baina pertsona bat gehiago naiz. Ez ditut nire lagunak aldatuko. Betidanik izan dut garbi inportanteena pertsona ona eta umila izatea dela

Nola bizi dute etxekoek?

Nik uste dut gustura daudela. Hungarian han zegoen Zumaiako jendea: Andres, Joakin, Alex Oliden, Kurro… Beraiek ikusi naute hazten Pulpon, eta beraiek entrenatu naute. Beraientzat ere harro egoteko modukoa dela uste dut. Hungariatik itzuli ondoren lehen bi edo hiru egunetan neukan presente gertatutakoa, baina jada itzuli gara egunerokora; Bidasoan hasi gara, partida pila bat ditugu aurrera begira.

Pertsonalki, ordea, ez zara aldatu.

Zortea daukat eskubaloian ona naizela, baina pertsona bat gehiago naiz. Ez ditut nire lagunak aldatuko. Betidanik izan dut garbi inportanteena pertsona ona eta umila izatea dela. Zortea izan dut eskubaloian ondo jokatzen dudala eta aukera dudala nahi dudana egitetik bizitzeko, baina nire familia dut, nire betiko lagunak, bikotekidea… Hori ez dut ezergatik aldatuko. Garrantzitsua da jendea zutaz gogoratzea jokalari on bezala, baina baita lagun on eta pertsona on bezala ere.