Elisabeth P. Montero: "Egia esan, ez nintzen oso kontziente eleberri bat izango zela egiten ari nintzen hori"

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 7a, 10:30
Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea

Lotsak albo batera utzita, sorkuntzari eta imajinazioari hegalak ipini dizkio Elisabeth P. Monterok. Henry bere lehen liburua plazaratu berri du, gaztelaniaz, Amazonen bidez. Hasieran “bere buruarentzat idatzitako istoriotxo” zenak thriller eleberri itxura hartu du, eta eskuragarri dago Interneten.

Nolatan eman zenuen eleberri bat idazteko pausoa?

Betidanik gustatu izan zait idaztea, baina hau da jendeari irakurtzen uzten diodan lehen aldia, argitaratzen dudan lehenengoa. Ideia nahiko modu txepelean atera zen. Duela pare bat urte, 2020 inguruan, Dr. Jekyll eta Mr. Hyden liburua irakurri nuen. Betidanik gustatu izan zait istorio hori, baina ez neukan liburua irakurrita. Uste nuen Dr. Jekyll eta Mr. Hyden ikuspegitik egongo zela azaldua, baina ez da horrela. Beraz, ez zen nik espero bezalakoa izan irakurketa. 

Arrazoi horrengatik, istorioa beraien ikuspuntutik kontatzeko, hasi nintzen idazten, nire kapritxo bat izan zen. Pixkanaka-pixkanaka hazten joan zen istorioa eta, azkenean, liburu hau jaio zen.

Protagonistaren begirada eta Londresko Big Ben ikus daitezke liburuaren azalean. Istorioari buruzko pistak al dira?

Bai, istorio originala Londresen gertatzen da. Nik ideia hori neukanez, bertan gertatzen da nire istorio guztia ere. Horregatik ateratzen da azalean. Istorioa benetako tokietan gertatzen da, eta toki horien deskribapenak agertzen dira. Liburu guztian zehar ez, baina puntu askotan agertzen dira tokien deskribapen txikiak, nahiz eta izenik ez den agertzen. Azalean agertzen diren bi begi urdinak, berriz, Henryren begiak dira.

Nola deskribatuko zenuke liburua?

Thriller bat da. Misteriotsua ere bai, baina gehiago thrillerra.

Nolakoa izan da abiapuntuko istorio horretatik eleberria sortzera arteko prozesua?

Denera, bederatzi hilabete igaro ditut lana idazten. Hiru hilabete-edo neramatzan idazten, konfinamendua hasi zen, eta orduan baliatu nuen idazten jarraitzeko. Gero, lanean hasi nintzen; beraz, aurrerago hartu nuen berriz, beste irakurketa bat eman nion eta atal gehiago sartu nizkion. Zuzenketekin eta horrelako gauzekin, berriz, beste hiru hilabete igaro nituen.

Egia esan, ez nintzen oso kontziente eleberri bat izango zela egiten ari nintzen hori. Hasieran esaten nuen istorio hori niretzat bakarrik zela, lotsa ematen zidalako jendeak irakurtzeak.

Twitterren aktiboa naiz, eta hortik ezagutzen dudan batek esan zidan nahi zuela irakurri. Pasatu nion, eta esan zidan asko gustatu zitzaiola. Orduan, pentsatu nuen hari gustatu bazitzaion, agian posible zela jende gehiagori ere gustatzea. Horrela animatu nintzen.

Zuzenketa egin aurretik, beta irakurleei –hobekuntzak proposatzen dituzten irakurleak–  pasatu ohi zaie liburua. Haiek esaten dizute zer ez den ulertzen, edota zer jarri dezakezun beste modu batera; beraien iritzia ematen dizute. Irakurle batzuekin egon nintzen eta beraien iritzia oso positiboa izan zen.

Urtarrilean publikatu zenuen. Zer moduzko harrera ari da edukitzen?

Oso ona, irakurri dutenek esan didate asko gustatu zaiela. Batzuek esaten didate ea liburu gehiago idazteko asmoa daukadan, edota pertsonaia batzuei buruz gehiago nahi dutela jakin. Oso pozik nago.

Zuk idatzitakoa besteek irakurtzeak ematen zizun lotsa gaindituko zenuen orduan, ezta?

Lotsa pixka bat ematen dit oraindik, batez ere irakurleak ezagunak direnean. Arraroa da, indarkeria dagoelako liburuan. Nik inoiz ez dut horri buruz hitz egin, baina horrelako istorioak gustatzen zaizkit, polizienak eta halakoak. Lotsa puntua ematen dit jendeak jakiteak horrelakoak idaztea gustatzen zaidala, baina nahiko gaindituta daukat. Pixkanaka joan naiz gainditzen. Esan bazenit duela bi urte hau egingo nuela, ez nuen sinetsituko.

Eta gehiago idazteko asmorik baduzu?

Zerbait ari naiz idazten. Liburu hau idatzi nuenean, ordea, ez nenbilen lanean, ezta ikasten ere. Orain banabil lanean eta banabil ikasten, eta ez daukat denborarik. Badaukat proiektu bat esku artean antzeko ildotik doana, baina idazterako denbora asko pasatuko da.