Mendaro Marinelaren taula flandiarra parrokiara itzuli da, zaharberritze lanak amaituta

Maria Maya Manterola 2022ko mai. 5a, 17:00
Mendaro Marinelaren taula flandiarraren irudia, zaharberrituta.

Taula botiboaren itzuleraren aitzakian, ekitaldi xumea egingo dute larunbatean San Pedro parrokian. Bertan izango dira Aldundiko eta udaleko ordezkariak, parrokoa, Vera Aldabe zaharberritzailea eta San Pedro abesbatza. 

Aste Santuaren bueltan San Pedro parrokiara itzuli zuten Mendaro Marinelaren taula botiboa, zaharberritze lanak amaituta. Itzuleraren aitzakian, ekitaldi xume bat egingo dute larunbatean 10:30ean. Bertan izango dira Aldundiko eta Zumaiako Udaleko ordezkariak, baita parrokoa ere. Ordezkari horien hitzartzeak eta gero, Vera Aldabe zaharberritzaileak XV. mendeko margolan flamenko baten azterketaren eta esku-hartzearen inguruko hitzaldia eskainiko du. San Pedro abesbatzak ere parte hartuko du ekitaldian, Antxietaren bi obra abesten.

Juan Martinez de Mendaro kapitainak San Pedro parrokiari emandako taulan XV. mende amaierako naoak irudikatzen dira. Goikaldean Ama Birjina agertzen da haurtxoarekin, eta ezkerraldean, San Pedroren irudia ageri da. Haren aldamenean, belaunikatuta ageri da Mendaro Marinela taularen emailea. Eskuinaldean, berriz, Santa Katalinaren irudia ikusten da, liburu bat irakurtzen, eta atzean gizonezko baten burua. Beheko zatian, nabigatzen ari diren ontziak ikusten dira. Uste denez, Mendaro Marinelak zuzendutako ontzien garaipena irudikatzen da taulan, 1475. urtean Gibrartalko itsasartean, portugaldar eta genovar armaden aurkako garaipena, alegia Ezkerreko ontziak Portugalgo armarriak ditu, eta eskuinekoak Gaztelako armarriak ditu.