Bidasoa Itzulian lehiatuko da Aitor Agirre txirrindulari zumaiarra

Gaur hasi eta larunbatera bitartean korrituko da 48. Bidasoa Itzulia txirrindularitza proba. Parte hartuko duten txirrindularien artean zumaiar bat izango da: Laboral Kutxa-Fundacion Euskadi taldeko Aitor Agirre, hain zuzen ere. 

23 urtez azpiko txirrindulariak arituko dira gaur hasi eta larunbatera bitartean Bidasoa Itzulia txirrindularitza proban. Hiru etapaz osatuko da proba beterano honen 48. edizioa, ohikoan baino etapa bat gutxiago.

Gaurko etapa Irundik abiatuko da, eta aldapan gora bukatuko da, hirugarren mailako Irrisarri landen, 104,2 kilometroko bidea egin eta gero. Bigarren etapak Hendaian izango du irteera, eta Hondarribian bukatuko da, 119,4 kilometroren ondoren. Azken eta hirugarren etapa, larunbatekoa, laburrena izango da, baita gorrena ere. Irunen hasi eta bukatuko da, 77,3 kilometroko ibilbidea egingo dute, baina bost tontor igo beharko dituzte bidean: Gurutze, Aritzulegi, Agiña, San Martzial eta, helmugara heltzeko hogei kilometroren faltan, Erlaitz.

Hemezortzi talde abiatuko dira gaur Irundik, eta parte hartuko duten txirrindularien artean zumaiar bat izango da: Laboral Kutxa-Fundacion Euskadiko Aitor Agirre. Erorikoak direla medio, zumaiarrak ez du zorte handirik izan denboraldi honetan, baina onena eman nahiko du Bidasoa ibaiaren inguruan jokatzen den proba entzutetsu honetan.