Itsaslabarretan pilatutako hondakinak kentzeko auzolan saioa egingo da maiatzaren 29an

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 5a, 10:00

Harraldean garbiketa antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak maiatzaren 29rako. Labarretan pilatutako hondakinak eta plastikoak biltzeko garbiketa saio hau Europako Geoparkeen astearen barruan antolatu da. Garbiketan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. 

Deba-Zumaia biotopoko ingurune horrek duen balioaz jabetzera eman, eta kontzientziazio lan horretan, auzolanaren bitarte, partaide aktibo bihurtzea da jarduera honen helburua. Hori dela eta, Geoparkeak dei egin nahi die Debako, Mutrikuko, Zumaiako, zein inguruko herritarrei “gure ondare naturala zaindu beharraren garrantziaz ohartaraztea helburu duen ekintza honetan” parte har dezakete. Antolatzaileek azaldu dutenez, ekintzan parte hartzeko ez dago gutxieneko adinarik, baina kontuan hartu behar da harraldean ibiliko direla. 

Garbiketa jarduera honetan ibiliko diren boluntarioak Debako Zumarditik autobusez eramango dituzte Elorriaga parera, eta handik jaitsiko dira labarretara. Busa goizeko 8:30ean abiatuko da Debatik. Beste talde bat gidari batekin abiatuko da Zumaiatik, oinez. Kotxez ere gerturatzea izango da Elorriagara, “baina kontuan izan aparkalekua mugatua dela”. Talde horrentzako irteera puntua Elorriagako San Sebastian Ermita izango da, goizeko 9:00etan.

Jarduerak hiru ordu iraungo dituela aurreikusten dute antolatzaileek, eta Geoparkeko ordezkariek bideratuko eta zuzenduko dute boluntarioen lana. Behin labarretan pilatutako hondakinak bildu ondoren, zakuak helikopteroz eramango dituzte Elorriagara.

Garbiketan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, hemen.