Rey Enigmak xake partidak jokatuko ditu maiatzaren 28an Zumaian

Mozorro baten atzean ezkutatzen den xake jokalaria da Rey Enigma. Diotenez, sei lagunek bakarrik ezagutzen dute bere nortasuna. Maiatzaren 28an Zumaian izango da, Kbi Zumaiako xake klubak gonbidatuta.

Madrileko zenbait lekutan –Retiroko parkean, Operan...– paretik pasatzen zirenei xake partidak jokatzera gonbidatzen zituen Rey Enigmak; aurkariak irabazten bazion 100 euro emango zizkion ordainetan. 

Mozorrotutako jokalari hau ezagun egin da ordutik, eta zenbait hiri eta herritara gonbidatu izan dute xake partidak jokatzera. Hala, maiatzaren 28an Zumaian izango da, Kbi xake klubak gonbidatuta. 

Bi saio izango ditu egun horretan: 16:00etan aldibereko partidak jokatuko ditu 14 urtez azpikoen jokalariekin, eta bi ordu geroago, 18:00etan, partida azkarrak. 

Lekuak mugatuak izango dira eta interesdunek Kbi xake klubarekin harremanetan jarri beharko dute, 630 93 70 41 telefono zenbakira deituta, edo zumaiakoxaketaldea@gmail.com helbidera idatzita.