Bonifazio Etxegarai, kale izen bat baino gehiago

Maria Maya Manterola 2022ko mai. 4a, 15:53

En busca de Vasconia. Vida de Bonifacio Echegaray (1878-1956) liburua aurkeztu zuen Lazaro Etxegarai idazleak atzo, asteartearekin, Oxford aretoan. Bonifazio Etxegarairen bizitzaren inguruan aritzearekin batera, Bonifaziok euskal kulturaren eta euskararen alde egindako lan eskerga goraipatzeko beta hartu zuen haren birbiloba eta liburuaren egile Lazarok.

Azken hamarkadan ondutako liburua aurkeztu zuen atzo, asteartea, Bonifazio Etxegarairen birbiloba Lazaro Etxegaraik Zumaian. Alondegiko Oxford aretora herritar ugari gerturatu zen, baita liburuaren egilearen ahaideak ere. 

Lazaro Etxegaraik jakinarazi zuen birraitona hil eta 65 urtera eman duela liburua argitara. Zumaiar askok bezala, bere buruari maiz galdetu izan dio zer dela eta zuen Bonifazio Etxegaraik kale bat herrian. "Zarauztik kalearen izena daraman plaka ikustera propio sarritan etorri izan naiz", gaineratu zuen. Etxean ere ez zuten haren inguruko informazio askorik, eta isiltasun hori argitzeko hasi zen Lazaro birraitonaren hariari tiraka. 

Bonifazio Zumaian jaio zen, Etxegarai Korta familia Azpeititik Zumaiara lekualdatu zelako. Idazleak azaldutakoaren arabera, bi urtera aita zendu zenez, Karmelo anaiarekin hazi eta hezi zen Bonifazio. "Gaitasun intelektual handia zuen Karmelok txikitatik, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen kronista izatera heldu zen", azaldu zuen Lazarok. 

Santanderren denboraldi bat igaro zuten bi anaiek, hango osabak hartu baitzuen beren kargu. Han ikasi eta gero itzuli ziren atzera Zumaiara. Karmelo diputazioko liburutegian hasi zen lanean, eta Bonifazio anaia maiz harekin egoten zenez, gaztetatik hasi zen garaiko intelektualekin hartu-emanean. Lazaroren hitzetan, orduan hasi zen Bonifazio "bere unibertsoa" eratzen. Garai hartan idatzi zituen argitaratu diren lehen poemak, 14 urterekin. 

Madrilen adina Euskal Herrian

Gaztaroan Madrilen adina denbora igaro zuen Euskal Herrian Bonifaziok. Lazaroren arabera, Zumaian bezain etxeko sentitzen zen Gernikan, Durangon edo Gasteizen, "Euskadi osorik baitzen bere etxea". Arturo Kanpionekin batera egin zituen ikasketak Madrilen, zuzenbide zibilaren eta foralaren inguruko ikasketak egiten. Auzitegi Gorenean atera zuen postua gero, idazkari.

Lazarok ohartarazi zuen, ordea, Oñatin egin zen Euskal Ikasketen Lehen Kongresuan izan zela, eta Madrilen lana eginagatik, Eusko Ikaskuntzan aurkitu zuela bere ezinegonei irtenbidea emateko instituzio bat. 

"Euskal historialaria zen Bonifazio, baina beste ikuspuntu batetik kontatu nahi zuen historia. Euskal gizon-emakumeak erdigunean jarrita, hain zuzen ere", esan zuen Lazarok aurkezpenean. Anaia Karmelo hil zenean, haren lekua hartu zuen Euskaltzaindian ere. 

"Euskal berpizkundearekin zerikusia izan zuen gertakari guztien lekuko” izan zen Bonifazio: Autonomia Estatutuen erredaktore eta FAPE euskararen defentsarako erakundeen elkartearen lehendakaria ere bai, besteak beste. 

Donibane Garazin erbesteratu zen sei urtez, Frankoren tropak Bilbon sartu zirenean. Buelta "gogorra" izan zela azaldu zuen Lazarok, epaitegiekin tirabirak izan zituelako. 

Zumaia bistatik galdu gabe

Durangon hil zen, "Madrilen hil nahi ez zuelako", idazlearen arabera. Batera eta bestera ibili zen halabeharrez haurra zenetik, baina ez zuen Zumaia sekula bistatik galdu. Zumaia Bonifaziorentzat zer zen galdetuta, argi dauka Lazarok: haurtzaroa. Herrian zituen Domingo Agirre –bere eleberri Kresala itzultzeko eskatu zion Bonifaziori– eta Julio Beobide lagunak ere. Eta sarritan bere poemetan aipatzen duen Gabon izeneko herriaren traza hartzen dio Lazarok Zumaiari. 

Bonifazioren bizitza eta ekarpena deskubrituko ditu irakurleak, baina baita zerbaitekiko grina izatea zer den eta nola gauzatu daitekeen ere. Herria izan zen bere pasioa, eta hari eskaini zizkion bere gorputza eta arima.