Mende erdi bat mendiz mendi

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 4a, 08:25
Indamendiko mendizaleak Ezcarayen, 2009an. Argazkia: Indamendi M.B.

Indamendi mendi bazkuna sortu zutela 50 urte beteko dira datorren urtean. Maiatzaren 15ean egingo den Indamendi Egunean ekingo diete urtebete iraungo duten ospakizunei.

Zenbat mendi igo eta zenbat tontor zapaldu ote zituzten Indamendi bazkuneko kideek mende erdiko epean? Nonbait zerrendatuta egongo da datua, beste ehunka, milaka istorio eta kontakizunekin batera. Kirol bati, zaletasun bati, batzuentzako kasik erlijioa den mendizaletasunari lotutako historia da Indamendirena; 50 urte luze, mende erdia, beteko ditu bazkunak datorren urtean, eta hemendik gutxira, maiatzaren 15ean, ekingo diete urtebetez luzatuko den urteurreneko ospakizunei.

Belaunaldi ugari pasatu dira elkartetik urte hauetan guztietan, eta gaur egun zuzendaritza osatzen duten taldekideek ez zuten oso ziur zer une zehatzetan sortu zuten Indamendi mendi elkartea. Partekatutako oroitzapen, istorio eta historiak alde batera utzi, eta dokumentu ofizialetara jo dute azkenean datu hotzaren bila. Hala, 1973ko otsailaren 9a agertzen da agirietan  mendi bazkunaren sorrera data bezala. "Herriko gazte batzuen ametsa egi bihurtu zen. Lantalde desberdinei esker elkartea gaur egun arte mantentzea guztion meritua izan da. 50 urte hauetan beti egon da norbait herriko mendizaleentzako lana egiteko prest, eta harro gaude horretaz, ez baita toki guztietan gertatu", azaldu dute Indamendiko zuzendaritzako kideek.

Maiatzaren 15ean egingo den Indamendi Egunak emango dio hasiera urtebetez luzatuko den ospakizunari. "Gaur egungo zuzendaritza lanean dabil, ibilbide bereziak, erakusketak, opariak, lehiaketak, hitzaldiak eta abar luze bati forma emateko", gaineratu dute. Hasteko, Indamendi tontorrean dagoen gurutzea berritu dute elkarteko kide batzuek.

Indamendi Egunean bertan hasiko dute Euskal Herria Aldenik Alde izeneko ibilbide sorta. "Urteurren garaiko ibilbideetarako Salvadatik Hiru Erregeen Mahairaino zeharkaldia egingo dute mendi entzutetsuenetatik zehar", azaldu dute.

Argazki historikoak

24 etapatan banatuta egingo dute zeharkaldi hori, Euskal Herriko ekialdean hasi eta mendebalderaino. "Gure ohiko jarduera ondo definitzen duen erronka da hau, gure Euskal Herri osoan ditugun mendi ederretara kirola eginez joan, eta bera aldenik alde ezagutzea, alegia". Tologorri, Gorbea, Anboto, Udalatx, Elorrta, Aizkorri, Irumugarrieta, Irebek, Saioa, Ori, Otsogorrigaña edota Hiru Erregeen Mahaia dira igoko dituzten mendi batzuk. "Erronka aparta, gurekin batera gure ingurua ezagutzeko".

Urte hauetan ateratako argazkiak eta dokumentuak biltzeko deialdia ere egin du Indamendiko zuzendaritzak. "Argazki historikoak" bildu nahi dituzte, "elkarteko sortzaileak agertzen direnak, ume martxak, Zumaia Birak, eta abar", baina baita 2015 aurretik Indamendiren irteeretan ateratako irudiak, eta bazkideen argazkiak "erronka handietan parte hartzen, edo ez ohiko lorpenak gainditzen, afizionatu edo puntako kirolaria izanda ere".

Urteurrenarekin lotura duten kontuetarako beste helbide elektroniko bat sortu dute: indamendi2@gmail.com. "Ipini gurekin harremanetan eta lokalean elkartzeko hitzordua emango dizugu zure paperezko altxorrak jasotzeko. Digitalizatu eta itzuliko zaizkizu", gaineratu dute.