Aste honetan hasiko dira palako eta eskuzko pilota txapelketa herrikoiak

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 4a, 09:15
Odieta frontoian jokatuko dira norgehiagokak.

Aste honetan emango diete hasiera palako eta eskuzko pilota txapelketa herrikoiei. Palako txapelketa ostegunean hasiko da, eta eskuzkoa ostiralean. 

Azken bi urteotan, pandemiak eragindako osasun krisialdia zela eta, txapelketak udazkenean jokatu dira, udaberrian jokatu ordez. 2021ean, gainera, ezin izan zuten txapelketa bukatu: finalerdietara heltzean egoerak okerrera egin zuen, eta bertan behera geratu ziren bi txapelketak.

Aurten udaberrira itzuli dira bi txapelketa herrikoi hauek, eta ondo bidean ekainaren amaierara bitartean jokatuko dira, Odieta frontoian; eguraldia txarra izanez gero Herri Eskolako frontoian jokatuko dira partidak. Finalak San Pedro jaien bueltan jokatuko dira.

Ostegunean hasiko da pala txapelketa herrikoia. Hamar bikotek eman dute izena, eta partidak ostegun arratsaldetan eta larunbat goizetan jokatuko dira. 

Lehen bi jardunaldietako partidak hauek izango dira:

Ostegunean

  • 18:00, Zendoia-Oskarbi vs Jon Iñaki Alberdi-Iribar.
  • 19:00, Alberdi-Unax vs Ruiz-Martinez.

Larunbatean

  • 10:30, Elso-Aizpurua vs Mendizabal-Mendizabal II.a.
  • 11:30, Urtiaga-Odriozola vs Segurola-Segurola II.a.
Eskuzko txapelketa

Eskuzko txapelketan, berriz, zazpi bikotek eman dute izena. Ligaxka ostiral honetan bertan hasiko da, eta partidak ostiraletan jokatuko dira, 18:00etatik aurrera.

Lehen jardunaldiko partidak hauek izango dira:

  • 18:00, Aritz Salegi-Arkaitz Astigarraga vs Ander Odriozola-Oihan Iribar.
  • 18:30, Aitzol Oliden-Peio Etxabe vs Josu Salegi-Aitor Aizpurua.
  • 19:00, Gorka Iribar-Joseba Martija vs Eneko Izagirre-Iñigo Tumas.