Herriko komertzioa indartzeko 1.200 deskontu txartel jarriko dituzte salgai

Argazkia: Zumaiako Udala.

Kanpainan parte hartu nahi duten establezimenduek maiatzaren 6a izango dute izena emateko azken eguna. Gero, hilaren 11tik aurrera salduko dituzte 40 euroko balioa duten erosketa txartelak, 30 euroan. 

Herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiei bultzada bat emateko, eta orain arte egindako ErrotaHerria kanpainaren balorazio baikorra egin eta gero, kanpaina berria jarriko dute abian Gertu merkatari elkarteak eta Zumaiako Udalak. Hain zuzen ere, 30 euroren truke 40 euroren balioa duten erosketa txartelak jarriko dituzte salgai maiatzaren 11tik aurrera Turismo Bulegoan. 

ErrotaHerriaren aurreko kanpainetan parte hartu ez duten establezimenduek izena eman beharko dute aurrez. Maiatzaren 6ko 12:00ak baino lehen egin beharko dute, eskaera orria zumaiaelkartea@gmail.com helbidera bidalita edo Turismo Bulegora eramanda. Gertu elkartekoak ez diren establezimenduek ere parte hartu ahalko dute kanpaina honetan.

Txartelak erabilgarri uztailaren 31ra arte

Maiatzaren 11tik aurrera eskuratu ahal izango dituzte txartel horiek herritarrek, 30 euroren truke. 10 euroko lau zati izango ditu bono bakoitzak, aldi berean edo banaka erabiltzeko. 

Herritar bakoitzak bono bakarra eskuratu ahal izango duenez, NANa edo identifikazio txartelen bat erakutsi beharko du erosterako orduan. Uztailaren 31ra bitarte erabili ahal izango da kanpainan parte hartzen duten Zumaiako establezimenduetan. 

Tokikoa indartzea helburu

2020ko maiatzean jarri zuten martxan Gertuk eta udalak ErrotaHerria kanpaina, pandemiaren kalteak arintzeko. Bonoetara 150.000 euro bideratu zituzten. Udalaren esanetan, herriko establezimenduetan 450.000 eurora arteko inpaktu positiboa sortu zuen kanpaina hark. Joan den urteko ekainean jarri zuen martxan beste kanpaina bat, 30.000 euro bideratuta. Kasu horretan, 100.000 euroko eragin ekonomiko zuzena eragin zuela kalkulatu du udalak. 

Halako ekimienekin, herriko ekonomia bultzatu eta sustatzeaz gain, herritarrei tokiko merkataritzaren aldeko apustua egiteko eskatu nahi diete bi erakundeek.