Datorren larunbatean ospatuko da Itziarko XII. Erromeria Eguna

Andutz Itziarko Kultur Taldea 2022ko mai. 4a, 11:00

Bi urteren ondoren, bueltan da Itziarko Erromeria Eguna. Datorren larunbatean egingo da, maiatzaren 7an, Andutz Kultur Taldeak  eta Itziarko Auzo Udalak antolatuta.

Hamabigarren edizioa izango du Erromeria Egunak  eta aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita, ekimenez beteriko eguna antolatu dute itziartarrek. Aurreko urteetan jende andana izan dute Itziarren, eta aurtenm, bi urteko etenaldiaren ondoren, jende asko inguratuko dela uste dute antolatzaileek, Itziarkoa jada erromerien munduan errotzen hasi den festa da eta. 

Aurreko edizioen ildotik jarraituko du aurtengo edizioak ere. Goizean goizetik izango dira Itziarko kaleetan zehar trikitilariak, txistulariak, dultzaineroak, joaldunak, soinujoleak, Bianako eta Itziarko dantza taldeak, albokariak, fanfarrea eta gehiago, egitarau mardulari  bizia ematen. 

Trikitilariak Naiara, Izarra eta Itziar; Ostolaza eta Ezkerra; Lidia eta Leire; eta Maitane  Ayerza eta Aiora Urdangarin izango dira.  

14.30ean herri bazkaria izango da frontoian; eta bazkaritarako txartelak Itziarko ohiko saltokietan (Gure Denda, Burugorri Ostatua, Hostala Itziar Jatetxea eta Bikain Jatetxea) izango dira salgai. Gaur da txartelak erosteko azken eguna.

Erromeria Egunaren helburuak 

Itziarko Erromeria Egunaren helburua Itziar eta inguruan hain ohiko izan ziren erromeriak gogoratzea eta omentzea da, Andutz Kultur Taldearen esanetan. "Erromeriak ziren aurreko belaunaldien sozializaziorako bilgunerik garrantzitsuenetakoak. Festa edo bilkura horien  funtsa hainbat herri, auzo eta bailaretako herritarrak biltzea izaten zen; izan ere, gerraosteko garaietan biltzeko eta harreman sozialak lantzeko espazioak urriak zirenez, erromeriak aitzakia paregabea ziren horretarako".

Era berean, antolatzaileen esaneta, "musika eta dantzaz gozatu ahal izateko aukera ere baziren erromeriak, eta euskal kultura tradizionalaren sostengu ere izan ziren, hein batean. Garai hartako gizon emakumeak irrikaz egoten ziren erromerietara joateko".