Jon Maia: "Bertsotatik ez naiz inoiz erretiratuko. Bertsoa da nire etxea"

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 3a, 14:35

Bertsolari Txapelketa Nagusian arituko diren bertsolarien berri eman duten egun berean iragarri du Jon Maiak ez duela aurtengo edizioan parte hartuko. Txapelketaren zazpi ediziotan aritua, lautan heldu da Maia finalera.

Jon Maia ez da izango udazkenean hasiko den Bertsolari Txapelketa Nagusian. Zazpi ediziotan aritu ondoren, alde batera egitea erabaki du Maiak. 1984an egin zuen debuta txapelketetan, eskolartekoan; 1991n Gipuzkoakoan parte hartu zuen, eta 1993tik 2017ra bitartean zazpi Txapelketa Nagusitan aritu da jarraian. 2009an lortu zuen emaitzarik onena, hirugarren postua hain zuzen ere.

Bertsolaria bakarrik ez, abeslaria, idazlea edo zinemagilea ere bada Maia. Kantu bat gara musika proiektuan murgilduta dabil gaur egun, eta bertsoa.eus atariari azaldutakoaren arabera, ez du ikusten txapelketa behar bezala prestatzeko aukerarik izango duenik. Hala, bere ibilbidearen atal horri agur esatea erabaki du.

Txapelketa "autosuperazio borroka konstante bat izan dela" azaldu du Jon Maiak, eta ez bertsotan bakarrik. Txapelketan parte hartzeari uko egin badio ere, bertsolaritza ez du utziko Maiak, eta plazan kantatzen jarraitzeko asmoa adierazi du. "Bertsotatik ez naiz inoiz erretiratuko. Bertsoa da nire etxea".

Hona hemen bertsoa.eus atarian argitaratu dituen hitzak.

Txapelketako azken parte hartzean bederatzigarren egin zuen Maiak eta finaletik kanpo geratu zen. Hemen entzun daiteke Amurrion, azken saioan, kantatutako bukaerako agurra.