Peru Tolosa: "Euskaraldiak saiatu behar du Korrikak sortu duen giro polit hori mantentzen"

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 3a, 11:00

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da Euskaraldiaren hirugarren edizioa, pandemiaren ondorengo lehena. Datorren ostegunean, maiatzaren 5ean, 18:00etan hasita, bilera irekia egingo da Zumaiako udaletxeko pleno aretoan. Euskaraldiak aurten izango dituen helburuen berri emango dute bertan, eta batzorde orokor bat sortzeko pausoak emango dituzte.

Peru Tolosa Uranga (Zumaia, 1997) dinamizatzaile lanetana arituko da Urola Kosta eskualdean, eta aurtengo edizioak izango dituen berrikuntzen inguruan aritu da elkarrizketa honetan. 

Euskaraldiaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa. Zer helbururekin sortu zen egitasmo hau?

Euskaraldia ariketa sozial bat da, eta garrantzia handia ematen dio hizkuntza ohiturak aldatzeari. Joko edo dinamika bat proposatzen du bi rol hartuta: ahobizi edo belarriprest. Ahobiziak ekintzaileak izango lirateke, lehen hitza euskaraz egingo luketenak; eta belarriprestak, agian, euskaraz egiteko gai ez direnak, baina prestutasuna dutenak euskaraz entzuteko, eta dialogo horretan parte hartzeko. 

Aurtengo edizioko helburu nagusia izango da ahobiziei benetako garrantzia ematea. Aurreko bi edizioetan parte hartzea handia izan zen, bai lehenengoan baina baita bigarrenean ere, nahiz eta pandemia batean egon, baina ikusi zen kantitate handia izan arren, dinamikaren jarduna ez zela behar bezala eraman, edo nahi bezala, behintzat. Ahobiziei kontzientzia bat sortzea izango da aurtengo Euskaraldiko helburu nagusia, egunerokotasunean erderara jotzeko ditugun ohitura txiki horiek aldatzea, alegia. 

Ikusi da belarripresten aldetik beste prestutasun bat izan dela; ahobiziek, aldiz, normaltzat jotzen dute bere egunerokoan euskaraz egitea, ahobizia izatea, baina garrantzia berezirik ez diote ematen; txapa eramango dute paparrean, eta betiko ohiturekin jarraituko dute. 

Euskaraldiko dinamizatzailea zara Urola Kosta eskualdean. Nola baloratzen dituzu Euskaraldiaren aurreko bi edizioak?

Lehenengo edizioan nik uste helburuak bete baino gehiago egin zirela. Sekulako boom bat bizi izan zen, inork espero ez zuena. Euskaraldia zerbait berria zen, aurrekaririk ez zuena; ez zekiten nola hartuko zen ere. Bigarren edizioan maila hori mantendu nahi zen, baina bizi izan genuen egoeragatik ezinezkoa izan zen. Datuak ez ziren lehen ediziokoaren parekoak izan, baina jendeak parte hartu zuen, eta zentzu horretan nahiko positiboa iruditzen zait. Horregatik diot hirugarren edizio honetan, pandemiarik gabe, jendea gogoarekin dagoela. Gainera, aurten Korrika ere egin da, eta han ikusitakoaren arabera, jendea gogotsu dago. Espero dut parte hartzea handia izango duela, eta herri mailan giro polita sortuko dela. 

Pandemia bateitk gatoz, eta gizartea ez da orain urte batzuetako bera. Nola animatu daiteke jendea berriro ere halako ariketa batean parte hartzera?

Nik uste helburua dela giro bat sortzea, jendea gustura egotea, beti ere kontutan hartuta dinamika batean partzen ari garela. Euskaraldiak saiatu behar du Korrikak sortu duen giro polit hori mantentzen.

Topaguneak sortutako egitasmoa da Euskaraldia. Herri mailan arrakasta izateko behar beharrezkoa izango da herriko talde, elkarte edo eragileen inplikazioa.

Hori da. Giro on hori sortzeko edo jendearengana heltzeko ezinbestekoa da kirol talde, kultur talde, kuadrilla edo norbanakoen parte hartzea eta laguntza. Nahikoa da batek parte hartzea eta bere inguruan zabaltzea ingurune horretan hedatzen joateko. 

Izen-ematea maiatzaren 16an zabalduko da entitateekin, dendekin, enpresekin, elkarteekin eta antzerakoakoekin. Hauek kolektibo bezala hartuko dute parte Euskaraldian. Denda batek kolektibo bezala parte hartzen badu, bere bezeroekin duen tratua Euskaraldiaren dinamikaren barruan joango da, eta ahobizi eta belarriprest rolak betetzen saiatuko da. Garrantzia handia du entitate hauek Euskaraldian aritzea. Zumaian aurreko edizioan entitateen parte hartze nahiko handia izan zen, eta espero dugu aurten handiagoa izango dela. Norbanakoen izen-ematea, berriz, irailaren 16an irekiko da.

Garrantzia ere izango du dinamika hau ez mugatzea Euskaraldiak iraungo dituen hamabost egunetara, eta urte osora zabaltzea.

Festa giroa sustatu behar dela ari gara esaten, baina garbi edukiz Euskaraldiaren helburuak zein diren: hizkuntza ohiturak aldatzea, ez hamabost egun horietan bakarrik, baita urte osoan edo bizitza osoan ere. Egia da zaila dela hizkuntza ohitura horiek aldatzea; ohitura horiek behin sortuta, oso zaila da buelta ematea eta ohitura berriak sortzea. Horretara dator proposamen hau. Ohitura horiek aldatzeko aukera baduzu, zergatik ez aldatu?

Ez gara oso kontziente zer garrantzia duen ohitura berria sortzeak eta aurrekoak aldatzeak. Nahiz eta arnasgune batean bizi garen eta oso normalizatuta dugun euskaraz aritzea, egoera soziolinguistikoa aldatu daiteke, eta aldatzen ari da. Kontzientzia falta baten eragina dela uste dut. Normaltasun faltsu batean bizi gara, pentsatzen dugu egoera oso ona dela, eta ez gara jakitun kontzientzia galtzen ari dela

Nola bizi izan dituzu aurreko bi edizioak?

Lehenengoan Gasteizen nengoen, eta parte hartu banuen ere oso gainetik izan zen. Asko gustatu zitzaidan; ikusi nuen herrian harrera oso ona izan zuela. Harritu ere egin ninduen. Orain bi urte praktiketan nengoen udalean, eta laguntzeko aukera izan nuen. Oso polita izan zen laguntzen egotea, pandemiagatik ahal zen moduan izan bazen ere. Ikusi nuen jendearen feedbacka ere oso ona zela, jendeak Euskaraldiarekiko jarrera oso ona zuela. Orain bi urte kanpora begirako ekitaldiak falta izan ziren, eta espero dut aurten horri buelta emango diogula. 

Hiru dinamizatzaile egongo gara kostako bost herritarako: Aia, Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaia. Gure artean harremana dugu, kontrastatzen joaten gara zer egiten ari garen, eta laguntza behar izango denean konpentsatzen joango gara.  

Euskaraldiko gazte batzorde bat sortuta dago, hamar-hamabi lagunez, eta gogotsu ikusi ditut. Batzorde orokor bat sortzeko asmoa ere badago. Horretarako, maiatzaren 5ean, ostegunean, bilera ireki bat egingo da udaletxeko pleno aretoan, 18:00etan. Euskaraldiaren bilera ireki bat egingo da, eta hor jakingu dugu elkarteen aldetik zer disponibilitate dagoen. Azkenean, taldeek Euskaraldiarekiko duten konpromisoa bakoitzaren araberakoa izango da. Denak ongietorriak izango dira. 

Ekintzak antolatzeko gogoa badagoela diozu. Zerbait aurreratu daiteke?

Zumaiako egutegiaren arabera, herriko festen arabera, saiatuko gara ekintza desberdinak antolatzen eta giroa sortzen. Olarro Eguna dugu markatuta egun handi bezala, jende asko egongo delako. Entrenamenduak ere planteatu ditugu, baina hori batzordean erabakiko da zer, non eta noiz egin. Edozein proposamen ongietorriak izango dira. 

Udaletik ekintza bereziak ere antolatuko dira. Batetik, ikastaro bat antolatuko da adinekoen zaintzara eta ostalaritzara bideratutakoa, bakoitzak bere alorrean euskara maila minimo bat izateko. Gero, PuntuEus domeinuaren laguntzarekin, eskaintza bat egongo da Interneten eta webguneetan euskarara aldaketa emateko.