Bonifazio Etxegarairen inguruko liburua aurkeztuko dute bihar Zumaian

Maria Maya Manterola 2022ko mai. 2a, 18:00

'En busca de Vasconia. Vida de Bonifacio Echegaray (1878-1956)' liburua aurkeztuko du bihar Lazaro Etxegaraik, 19:00etan Oxford aretoan.

Bonifazio Etxegarairen bizitzaren inguruko liburua idatzi du haren birbiloba Lazaro Etxegaraik, eta bihar Zumaian aurkeztuko du "gerraurreko Baskoniako intelektual handienetako baten bizimodua jorratzen duen biografia". Alondegiko Oxford aretoan izango da, 19:00etan.

Zumaiako izen entzutetsuenetako bat da Bonifazio Etxegarai. Etxean ez du hari buruz hitz egin Lazaro birbilobak, baina bazuen Euskal Herrian ere pertsonaia esanguratsua izan zelako susmoa. Bonifazioren bizitzaren eta euskarari egindako ekarpenaren inguruko liburua argitaratu du orain. 

Haren inguruko zenbait datu aurreratu ditu. Bonifazio zumaiarra zen, baina Azpeititik iritsi zen bere familia. Aldundiko liburutegian, Donostian, lanean aritu zen lehenbizi, eta Euskal Probintzietako kronista izatera pasa zen gero. Hura izan zen EAEko hiru probintzietarako kronikari bera izendatzen zen lehen aldia. Auzitegi Goreneko idazkaria ere izan zen. 

Madrilen bizi zen, baina Euskal Herrian izaten zen sarritan. Autonomia estatutuen idazketan parte hartu zuen, euskaltzain osoa izan zen Euskaltzaindian, baita FAPE euskararen defentsarako lehendakaria ere. Liburuaren egilearen arabera, “euskal berpizkundearekin zerikusia izan zuen gertakari guztien lekuko” izan zen Bonifazio. 

Hara eta hona ibili zen Bonifazio, baina jaioterria ahaztu gabe. Lagun handiak zituen Domingo Agirre eta Julio Beobide herrikideak ere. Maiz gogoratzen zuen Zumaia bere artikuluetan –bere ipuin ezagunenetako batean, Gabon izenekoan, Zumaia ezagutu daiteke–. 

Lazaroren hitzetan, “zaila” izan da dokumentazio prozesua, “pertsonaiari buruzko informazioa askotan Euskal Herrian ez zeuden artxiboetan zegoelako”. Hala eta guztiz, bidean “Bonifaziok euskal kulturari egindako ekarpena ondo ezagutzen zuten euskaltzainak eta ikertzaileak” aurkitu zituen. 

Bonifazioren bizitza eta ekarpena deskubrituko ditu irakurleak, baina baita zerbaitekiko grina izatea zer den eta nola gauzatu daitekeen ere. Herria izan zen bere pasioa, eta hari eskaini zizkion bere gorputza eta arima.