Eduki babestua

Iaztik gora egin dute eskualdean Errigorako produktuen eskariek

Andoni Elduaien 2022ko api. 28a, 15:29

Urola Kosta eskualdeko herrietan, oro har, gora egin dute Errigorako produktuen eskariek. Euskal Herrian, berriz, %20 hazi da eskaeren kopurua. 143.000 litro olio saldu dituzte, 271.000 kontserba poto eta arrozaren, pastaren zein lekaleen 41.000 pakete.

Errigorak “inoizko uztarik emankorrena” jaso du azken kanpainarekin. Iazko datuekin alderatuta, %20 hazi da Euskal Herrian udaberriko Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren eskari kopurua. Martxoaren hasieran abiatu zuen Errigorak kanpaina, eta Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko oliba-olio birjina estra, kontserba potoak eta bestelako zenbait produktu –arroza, pasta eta lekaleak– jarri zituzten eskuragai, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Euskal Herrian bezala, Urola Kostan ere inoizko eskaera handiena egin dute aurten herritarrek. 2022an, 2021ean baino 426 olio gehiago eskatu dituzte herritarrek, 187 kontserba poto gehiago eta bestelako 74 produktu gehiago. Azkoitian, 240 olio –189 iaz–, 187 kontserba poto –161 iaz– eta bestelako 27 produktu –21 iaz– eskatu dituzte; Azpeitian, 470 olio –321 iaz–, 244 kontserba poto –181 iaz– eta bestelako 30 produktu –hamalau iaz–. Getarian, 94 olio –58 iaz–, 56 kontserba poto –47 iaz– eta bestelako sei produktu –iaz adina–; Orion, 101 olio –79 iaz–, 86 kontserba poto –51 iaz– eta bestelako hamazazpi produktu –hamar iaz– eskatu dituzte; Zarautzen, 596 olio –450 iaz–, 474 kontserba poto –424 iaz– eta bestelako 71 produktu –44 iaz–; Zestoan, behera egin dute apur bat olioaren eta kontserba potoen eskaerek: 84 olio –92 iaz– eskatu dituzte, 43 kontserba poto –52 iaz– eta bestelako hamar produktu –zortzi iaz–. Eta Zumaian, 201 olio –171 iaz–, 216 kontserba poto –203 iaz– eta bestelako 45 produktu –29 iaz– eskatu dituzte.

Produktuen banaketa egunak

Behin eskaerak egiteko epea itxita, bi aste barru hasiko dira produktuen banaketa egiten eskualdean. Azkoitian, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko kideek banatuko dituzte produktuak maiatzaren 11n eta 12an, Berdura plazako lokalean. Maiatzaren 11an, asteazkena, 09:30etik 11:00etara irekiko dute gunea, eta maiatzaren 12an, osteguna, 16:00etatik 18:00etara. Azpeitian, maiatzaren 9tik aurrera hasiko dira banaketak egiten Ikasberri Ikastola eta Orkatz kultur elkartea. Aldiz, Soreasuko Elkargunean eskaera egin zuten herritarrek maiatzaren 13an jaso ahalko dituzte beraien produktuak, 14:00etatik 17:00etara. Zestoan, berriz, maiatzaren 20an banatuko dituzte Zestoako AEKn, 07:00etatik 17:00etara artean.

Kostaldean ere bi aste barru hasiko dira banaketak egiten. Getariarrek Artzapen jaso beharko dituzte produktuak, maiatzaren 12an, 14:00etatik 18:00etara bitartean. Orion, Orioko Ikastolan jaso beharko dira Errigorako produktuak. Maiatzaren 13tik 20ra bitartean egingo dute banaketa, 14:30etik 15:30era. Zarautzen, Zarauzko Abendaño kaleko banaketa gunean banatuko dituzte produktuak, maiatzaren 12an eta 13an. Hilaren 12an, 15:00etatik 17:00etara irekiko dute gunea, eta hilaren 13an, 10:00etatik 12:00etara.  Zumaian Trukeguneko estalpean egingo dute Errigorako produktuen banaketa, maiatzaren 20an eta 21ean. Lehen egunean 18:30etik 20:00etara egongo dira arduradunak, eta bigarrenean, 11:30etik 13:30era.

Euskal Herriko datuak

Errigorak jakinarazitako datuen arabera, eskaria %20 hazi da iaztik Euskal Herrian, eta 10.000 despentsa beteko dituzte Nafar hegoalde eta erdialdeko produktuekin. Hain zuzen, 143.000 litro olio saldu dituzte, iaz baino %20 gehiago; eta kontserba potoen nahiz arroz, pasta eta lekaleen eskariek ere gora egin dute, %15 igoz –271.000 kontserba poto eta 41.000 pakete–.

10 urte bete dira aurten euskara, elikadura burujabetza, lurraldea eta auzolana oinarri dituen Errigora egitasmoa jaio zela. Nafarroaren hegoaldeko ekoizleentzat zabalpenerako tresna garrantzitsua izateaz gain, lortzen den diruaren zati bat inguru horien euskalduntzea bultzatzeko erabiltzen da. Ondorioz, egitasmo asko (euskaltegiak eta abar) diruz laguntzeko eta berriak (ludotekak, euskara oinarria duten kirol taldeak…) sortzeko ezinbesteko tresna bihurtu da Errigora.