Artola eta Laso izango dira San Telmo eguneko pilota partida nagusiko protagonistak

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 19a, 18:00
IƱaki Artola eta Unai Laso gazte-gazte, 2017an, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan pilotak aukeratzen.

Banakako txapelketako final laurdenetako partida jokatuko dute astelehenean Aitzuri pilotalekuan. Promozio mailako final laurdenetako partidan, berriz, Alberdi eta Salaberria lehiatuko dira. Hirugarren partida bat ere izango da, Victor-Martija eta P. Etxeberria-Bikuña ikusteko aukera egongo baita. Jaialdia 17:30ean hasiko da, eta sarrerak salgai daude.

Beste behin, San Telmo egunez esku pilota jaialdi dotoreaz gozatzeko aukera izango dute pilotazaleek Aitzuri frontoian. Astelehenean 17:30ean hasita, hiru partidaz gozatu ahalko da.

Partida nagusia banakako txapelketako final laurdenekoa izango da, Artola eta Laso aurrez aurre jarriko dituena. Bestetik, promozioko partida ere jokatuko da, hori ere final laurdenetakoa; hor Alberdi eta Salaberria lehiatuko dira.

Azkenik, Victor-Martija eta P. Etxeberria-Bikuña pilotan ikusteko aukera ere izango dute Aitzurira bertaratzen direnek.

Sarrerak salgai daude

Sarrerak aurrez eros daitezke Internetez, 25 eurotik hasita. Egunean bertan, berriz, 16:30ean zabalduko dute pilotalekuko leihatila.